Egunsentia loratzear da
basamortu soil arrean;
etxea hutsik da ezkerrean,
zuhaitza beste aldean;
etxean inor ez ei da bizi,
hostorik ez landarean...
Negu gorria antzematen da,
landa goibel idorrean...
Neure burua ikus dezaket
fotoari behatzean.
Azken boladan, horrela nabil:
ilun, ilaun, aienatu.
Orri berdeak erori zaizkit,
poza ezin dut topatu.
Bakardadea dut maizter bakar,
nigan hartu du ostatu...
hotz naiz barruan eta odola
jela gisa zait paratu...
Inor ez daukat bihotz barnean,
Ez dut, bada, nor maitatu.
Baina, ohi legez, negu hotzari
udaberria darraio.
Beroa datorkidalakoan,
aiduru lotu natzaio.
Hosto berdeak hoziko dira,
grinak hartuko abio...
etxean ere azalduko da
norbait alai, norbait iaio!
Horrekin laster izozteari
amaiera_emango zaio.