Carlos Alzaga Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak Gernikako Batzarretxeko osoko bilkuran baieztatu duenez, Aldundiak azterketa egiteko eskatuko dio Bizkaiko Garraio Partzuergoari, baina metroaren trazaduran edozein aldaketa egiteko ardura Eusko Jaurlaritzari eta Euskal Trenbide Sareari (ETS) dagokiela zehaztu du. Alzagak nabarmendu duenez, Aldundiak azterlana "bultza" dezake, baina EAEko trenbideen Lurraldearen Arloko Planak zehaztuko ditu erkidegoan trenbide-garraioa garatzeko aukera egokienak.