Sakonean

Eskualdeko tokiko euskarazko komunikabideen jatorria: "Bizarra Lepoan", "UK" eta "Santa Mariñe"

Ander Zarraga 2025ko mar. 21a, 10:04

"Bizarra Lepoan", "UK" eta "Santa Mariñe" aldizkarien inguruan galdetu diegu horietan aritu zirenei.

Duela 10 urte sortu zen HIRUKA, zehazki, 2015eko urtarrilaren 23an. Hala ere, aurretik, euskarazko beste komunikabide batzuek eman zuten Uribe Kostan gertatzen zenaren berri paperean; eta nora goazen jakiteko nondik gatozen jakitea ezinbestekoa denez, HIRUKA jaio baino lehen, Santa Mariñe, Bizarra Lepoan eta UK aldizkariak sortu zituztenengana jo dugu, eurak izan baitziren eskuartean duzun aldizkariaren lehen hazia landatu zutenak.

Eskualdeko euskara hutsez argitaratu zen lehen komunikabideetako bat Santa Mariñe izan zen. 1992an sortua, Sopela eta Urdulizko euskara taldeek abiatu zuten 1999ra arte iraun zuen proiektua. Aldizkaria aurrera eramateaz arduratu ziren kideetako bi dira Akaitze Kamiruaga eta Iñaki Gilisasti. "Ez geneukazen ezelango motiborik, ez mediorik, ezta esperientziarik be holako aldizkari bat egiteko, eta zerotik hasi biher izen gendun. Ikesten joan ginen eta dana iten gendun guk, albisteak idatzi, maketatu, propaganda sartu eta banaketa be", gogoratu du Gilisastik. Testuak bizkaiera hutsean idazten zituzten, nahiz eta Kamiruagak onartu beraiek ez zutela bizkaiera arauturik erabiltzen: "Ahaleginduten ginen Urdulizko euskera erabiltzen".

1995ean, Bizarra Lepoan Euskara Elkarteagaz batera, horren izen bera zuen aldizkaria argitaratzeari ekin zioten Getxon; besteak beste, Konrado Mugertzak eta Jokin Aspuruk izan zuten horren ardura. "Aixerrota institutuan Kanterepe aldizkaria genuen, beraz, bagenuen euskalgintzarako zaletasun hori. Horrez gain, Konradok argazkiak errebelatzeko laborategi bat ere antolatu zuen, frikiek errekreoetan erabiltzen genuena; hortik atera zen ideia", azaldu du Aspuruk. Era berean, herrian euskarazko komunikabiderik ez zegoenez, horrelako baten beharra ere bazegoela azpimarratu du Mugertzak: "Barruan genuen ezinegon horri irteera emateko modua zen, gauzak horrela ere ateratzen direlako".

"Gure beharretik aparte ataratzen gendun gauza bat zan eta ez gendun txakur txikerik berez kobretan. Elortzako eskolan gela txiki bat eukitzen gendun, mahai bat eta ordenadore pare bategaz, eta hor hainbat ordu sartute ataraten gendun aldizkaria". Akaitze Kamiruaga, euskal filologoa eta Labayru Fundazioko langilea.

"Irakurzaletasuna ez dekon jendeagaz ezin konektatu ibiltzen ginela gogoratzen dot, batzuk irakurriko eben, baia erderazko egunkariak ziren irakurten zirenak, euskerazkoak ez; dana zan erderaz. Oin aldatu da, beste prestutasun bat dau". Iñaki Gilisasti, irakasle ohia, euskal filologoa eta NOn.eus atariko sortzailea

Herri-ekimeneko proiektuak. Proiektu amateurrak ziren, eta euskaltzaletasunetik eta garai hartan gauzak egiteko zegoen grina horretatik sortu ziren. Hala ere, apaltasunez eta gutxika-gutxika, urteakaz profesionalizaziorako bidea ere egin zuten. "Aldizkariaz gain, gure lana genuen, baina bakoitzak bere ataltxoa zeukan eta denon artean egiten genuen dena: idatzi, maketatu, banaketa...", gogoratu du Aspuruk. "Hasieran, garai horretarako oso potentea zen ordenagailu bat eta laser inprimagailu bat lortu genituen, BBK-ko presidente izandako batek emandako diru-laguntza bati esker", aipatu du Mugertzak. Gilisastik ere gogoan du hainbat buruhauste izaten zituztela, batik bat zer sartu eta zer ez erabakitzeko, gogo asko izan arren ez baitziren profesionalak: "Ordu erdiko lana egiteko hiru ordu behar genduzen batzutan; Jabi Zabala sartu zanen arnasa hartu ahal izan gendun, bera kazetaria zalako, eta lana apur bat antolatu ebalako".

Herri-ekimeneko proiektuak izanik, hainbat eta hainbat herritarrek parte hartu zuten horietan; batzuk oraindino azaltzen dira noizbehinka HIRUKAko orrialdeetan. Orduan aritu ziren beste askoren artean, Bittor Egurrola izan zen Bizarra Lepoanen eta UKn aritu zen horietako bat, eta berak aitortu bezala, "izen denak gogoratzea ezinezkoa da".

Profesionalizaziorantz

Hedabide horien profesionalizaziorako benetako jauzi kualitatiboa 1999an eman zen, Santa Mariñe eta Bizarra Lepoan desagertu eta UK aldizkaria sortu zen urtean, hain zuzen ere. Gilisastiren eta Kamiruagaren arabera, garai hartan bilerak egin zituzten Bizarra Lepoaneko kideakaz, errelebo falta zutela-eta, Santa Mariñe desagertzear zegoelako: "Ito egin giñen: familiak izaten hasi giñen eta asti barik proiektuaren akabera etorri zan, eta horregaz batera euskara elkartearen ekintzak bebai amaitu ziren".

"Gaur egungo gizarte globalizatuan, sare sozialen eta Interneten garaian, gure inguruan gertatzen ari denaren ikuspegia galtzen ari gara; horregatik, tokiko komunikabideak inoiz baino beharrezkoagoak direla uste dut". Jokin Aspuru, UK aldizkariko zuzendari ohia eta Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiaren zuzendaria.


"UK aldizkariaren izenak oso ondo laburbiltzen zuen lortu nahi genuena: Uribe Kosta. Eta gaur egun, HIRUKA hartzen dudanean Bizarra Lepoan eta UK ikusten ditut. Gainera, produktu duina eta landua ikusten dut horretan", Bittor Egurrola, Musikari eta irakasle ohia, argazkiak topatzeko
eta izendatzeko ardura izan zuen Bizarra Lepoanen eta UKn.

"Argi dago euskarazko tokiko komunikabide baten hutsunea zegoela herrian, eta ekintzailetzatik abiatzea erabaki genuen. Barrutik sortu zen kontu bat izan zen, gauzak horrela ere ateratzen direlako", Konrado Mugertza, Irakasle eta Eskola kontseiluko kide ohia eta Bizarra Lepoaneko sortzaileetako bat.

Aspuruk kontatu du UK sortu zen garaian, "indarrak batzeko gogoa" zeukatela eta eskualdeko beste udalerrietara zabaltzeko helburua ere izan zutela, "ez zuelako zentzurik udalerri bakoitzean aldizkari txiki bat izateak; hobeagoa zen eskualderako zerbait sortzea, eta gogoeta horretatik azaldu zen UK. Gerora, hainbeste zabalduko zen UK marka guk sortu genuen, kar-kar". Hala, Uribe Kostako beste udalerrietako elkarteak gehigarriak egiten hasi ziren, aldizkarian txertatzeko, eta lantaldea espezializatzen joan zen; are, erredakziorako zein administraziorako profil zehatzak sortu zituzten, "aldizkaria ere potoloagoa zen eta herri eta gai bakoitzari atal bat ematen genion", azaldu du egungo Getxophoto jaialdiko zuzendariak.

2015ean, UK aldizkaria eta Ukberri.net agerkari digitalak bat egin zuten, indarrak batuz, Uribe Kostako euskarazko komunikazio-talde berria eta integrala sortzeko, zeinak webguneko agerkaria eta papera uztartuko zituen; eta batura horretatik sortu zen HIRUKA.

Jarraikortasuna

HIRUKA aurreko proiektuen emaitza den heinean, hurbiletik ikusiz gero, oraindino mantentzen diren hainbat kontu igarri daitezke: diseinuko hainbat ñabardura, zenbait atal, eskualde izaera lantzeko ardura... Aipatzekoa da baita irudien trataera: Bizarra Lepoanen eta UKn aritu zirenek argazkilaritzarekiko zaletasun handia zeukaten eta garrantzia asko ematen zieten irudiei, eta horrek ere gaur egun arte iraun du. Esan barik doa lantalde haietako kide eta kolaboratzaile askok ere proiektuagaz inplikatuta jarraitu dutela, eta horrek ere jarraikortasuna eman diola komunikabideari.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun