Martxoaren 8aren harira, egungo testuinguruaren irakurketa kritikoa egin eta aurtengo mobilizazioaren garrantzia azpimarratu dute Ane Rodriguez eta Jone Lores Uribe Kostako Itaia taldeko kideek. Langile klasearen bizi-baldintzen okertzea eta ideia matxisten gorakada jarri dituzte erdigunean, eta instituzioek berdintasunaren alde hartu dituzten neurriek ez dutela benetako aldaketarik ekarri salatu dute.
Haien arabera, azken urteetako krisi ekonomikoak langile klase osoari eragin dion arren, emakume langileek "bikoiztutako zapalkuntza" pairatzen dute. "Bizitzaren garestitzea, lan kaleratzeak, zerbitzu publikoen murrizketak... Emakume langileoi krisi honek are modu agerikoagoan eragiten digu. Izan ere, emakumeok, gizarte honetan bigarren mailako subjektu garen hienean, lan baldintza prekarioenak dituzten sektoreetan lan egitera kondenatuta gaude", salatu dute.
Egoera ekonomikoagaz batera, Itaiak matxismoaren eta ideia erreakzionarioen gorakada ere azpimarratu du. Dioenez, emakume langileen zapalkuntzaren existentzia bera ukatu edota horien irudi otzan eta sexualizatuak sustatzen dituzten ideiak bolo-bolo ari dira zabaltzen sare sozialetan, ultraeskuineko taldeen zein alderdi eta influencer askoren partez.
Martxoaren 8aren "desitxuraketa" salatu dute
Rodriguezek eta Loresek gogoratu dute martxoaren 8a, jatorriz, emakume langileek borroka egun gisa planteatu zela, baina gaur egun instituzioek eta enpresa handiek eguna "desitxuratu" dutela salatu dute. “Berdintasunaren aldeko aldarrikapenek gizartean izan duten onarpenaren ondorioz, edozeinek baliatzen du martxoaren 8a aldarrikapen horien kontura kanpaina egiteko", deitoratu dute, baita enpresa handi eta instituzioen jarrera "hipokrita" salatu ere: "Emakumeok miseriara kondenatzen gaituzten enpresa berdinak dira egun honetan haien eraikinak morez argiztatzen dituztenak. Horrelako keinu hutsal eta sinbolikoen aurrean, beharrezkoa ikusten dugu egun honek historikoki izan duen jatorri iraultzailea berreskuratzea".
Emakume langileen testuingurua gordina delakoan, horri irtenbidea ematea ezinbestekoa dela nabarmendu du Itaiak, eta martxoaren 8aren "izaera iraultzailea" berreskuratzeko beharra azpimarratu du. Izan ere, deitoratu duenez, ezkerreko alderdi instituzionalek berdintasunaren aldeko politikak aplikatu dituzten arren, "hartutako neurriek ez dute aldaketa esanguratsurik ekarri (...) eta eskuinak, sekulako lan kulturalaren bitartez, ideia faxisten onarpena lortu du gizarteko gero eta sektore zabalagoetan".
Hala, matxismoaren eta ideia erreakzionarioen aurkako borroka ideologikoa nabarmendu dute. Gizartean ideia matxisten aurkako kontzientzia piztu behar dutela azaldu dute eta horretarako ezinbestekoa dela lan politikoa egitea herrietan, auzoetan, ikastetxeetan zein lantokietan. Horrez gain, emakume langileen antolakuntza sendotzeko beharra azpimarratu dute.
Azkenik, matxismoagaz amaitzeko estrategia elikatu behar dutela eta hori gizarte osoaren eraldaketa integralaren bidez etorri behar dela adierazi dute. "Emakume langileon zapalkuntza ekonomiko, kultural eta politikoarekin amaituko duen gizarte eredua dugu helburu, eta norabide horretan egin behar dute ekarpena egiten ditugun lan guztiek”.
Martxoaren 8ko mobilizazioa Uribe Kostan
Itaiako kideek azaldu dutenez, taldeak asteak daramatza martxoaren 8ko mobilizazioa prestatzen Uribe Kostan. Hitzaldiak, propaganda eta eztabaidak antolatu dituzte eskualdeko emakume langileen artean kontzientzia pizteko eta antolakuntzan parte hartzera bultzatzeko. Izan ere, argi dute mobilizazioaren unea iritsi dela: "Ideia erreakzionarioen eta matxisten gorakadaren aurrean, kaleak hartzeko momentua da".
Horretarako, martxoaren 8an, 19:30ean, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute: "Martxoaren 8 honetan matxismoaren aukako borroka kaleetan presente dagoela erakutsi behar dugu".