Sakonean

Zientzia emakumeena ere bada

Nahia Martinez Gondra 2025ko mar. 7a, 09:24

2023ko Eustateko ikerketaren arabera, I+G arloan dabiltzan 33.591 lagunetatik, 12.497 emakumeak ziren, hau da, %37,23.

Genero-arrakala nabaria da zientzia munduan. Hurrengoak dira faktore nagusiak, besteak beste: emakumezkoen hutsunea kargu altuetan, laguntza gabezia amatasunean eta konfiantza urria euren buruengan. Guztiak dira ezberdintasun sistematiko patriarkalaren emaitza.

Luzaroan, gizona izan da erdigune eta erreferente zientzian: gizonezkoek egindako aurkikuntzak dira Historian ikasitakoak, eta euren izenek ematen diote lekukotasuna hiriguneetako kale nagusiei. Aurrerapenak egin arren, oraindino ez da lortu benetako genero-berdintasuna; hala islatzen dute datuek: 2023ko Eustateko ikerketaren arabera, I+G arloan dabiltzan 33.591 lagunetatik, 12.497 emakumeak ziren, hau da, %37,23.

Zifrez haratago, gutxi dakigu zientziaren munduko emakume horien egunerokoaz. Zailtasunik bizi dute? Gustu pertsonalek eragiten dute emakumeen hutsunea zientzian, ala sozializazioak, erreferente faltak eta hezkuntzak dute eragin handiagoa? Errealitateak askotarikoak dira; hala ere, zientziari lotutako lau emakumeren eskutik euren bizipenetara apur bat gehiago hurbilduko gara. Haiek dira Zuriñe Zulaika Bilbao, Naiara Barrado Izagirre, Amaia Arruabarrena Aristorena eta Nerea Bilbao Barrenetxea. 

ZAILTASUNAK, GERORA

Zuriñe Zulaika Bilbao fisikaria da, eta 2007tik meteorologo lanetan dabil EITBn; egun, Eguraldiko koordinazio lanetan. Bere esanetan, txikitatik zientzietako ikasketak egin gura zituen, mundua eta natura ulertzeko grinak bultzatuta. "Naturaltasun osoz hasi nituen ikasketak, baina gerora ohartzen zara estereotipoak apurtu behar direla, eta emakumea izateagatik gehiago demostratu behar duzula", laburtu du. 

Zuriñe Zulaika Bilbao.

Naiara Barrado Izagirre astronomo eta astrofisikariak ere antzeko esperientzia partekatu du. Zientzian sartzeko erabakian "nahiko libre" sentitu zen arren, beranduago emakume zientzialaria izatearen arazoak nabaritu zituen. "Ikusten nuen klasean emakume gutxiago ginela, bai. Nire ikerketa taldeko lehenengo emakumea izan nintzen, baina ez naiz horretaz konturatu denbora pasa den arte", onartu du. 

Barradok amatasunean ikusi zuen aldaketa. "Niretzako salto bat izan zen ama izatea, bertan argi ikusi nuelako nola zegoen mundua", seinalatu du. "Ama izatean erabakitzen duzu ez dituzula hainbeste ordu estra sartu nahi —zientzia eta ikerketa munduan oso ohikoak direnak—. Orduan, ingurukoek uste dute jada ez duzula hainbeste ikertu nahi. Libre zara hori erabakitzeko, baina gero proiektu gutxiagotan parte hartzeko esaten dizute". 

Naiara Barrado Izagirre.

Amaia Arruabarrena Aristorenak esperientzia berdina berretsi du. Biomedikuntzan lan egiten du, zehazki, minbiziaren aurkako ikerketan, ikerlari nagusi gisa. Gainera, ama da. "Iraupen aldetik, amatasun eta aitatasun baimen berdinak ditugu Espainiako Estatuan eta hori ondo dago berdintasuna lortzeko bidean. Hala ere, haurdunaldian eta edoskitzean emakumezkoek dugu erantzukizun osoa eta erraztasun gehiago beharko genituzke. Fase horiek eragin handia dute gure alde pertsonal eta profesionalean, eta uste dut gizarte mailatik hori ez dela kontuan hartzen", deitoratu du. 

Amaia Arruabarrena Aristorena.

Halaber, ikerlarien kasuan, laguntza teknikoa eskaini beharko litzatekeela uste du. Hau da, amatasunean, laborategirako pertsona teknikari bat txertatzea ikerketa guztiz ez eteteko. Halaber, edoskitzearen inkoherentzia salatu du: "MOEk gomendatzen du 2 urtera arte behintzat edoskitzea mantentzea, baina gure amatasun baimena 16 astekoa da. Batzuk saiatu gara edoskitze hori mantentzen lanera bueltatu arren, baina zentro askotan ez dago edoskitze gela bat, adibidez. Ez da beharrezkoa hori izatea; langileen kopuruaren araberako iradokizun bat dela uste dut". 

EZEGONKORTASUNA ETA HIERARKIA

Nerea Bilbao Barrenetxea ingeniaria da, eta bere lan zientifikoaren ardatza klimatologiaren eremua da, baita klimatologiak baliabide hidrikoakaz eta kutsadura atmosferikoagaz duen lotura ere.

Nerea Bilbao Barrenetxea.

Gazte ikerlari baten errealitatea bizi du, eta zientziaren alorrean dauden genero ezberdintasunak ulertzeko gako batzuk argitu ditu:

"Mundu zientifikoa ez dago gizartetik isolatuta eta, beraz, patriarkatuaren botere-harremanak erreproduzitzen ditu. Sistema zientifikoaren ezaugarriak gehitzen baditugu, hala nola prekarietate endemikoa eta izaera hierarkiko nabarmena, nahasketa perfektua dugu gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak areagotu eta betikotzeko sistema zientifikoaren eskala guztietan. Askotan, ikusi ditut botere-abusuak lankideetan, baita nik neuk jasandakoak ere. Zorionez, gero eta ohikoagoa da aurrera ateratzen laguntzen dizuten lankideekin hitz egitea eta bizipen pertsonalak partekatzea. Eta, era berean, gero eta ohikoagoa da ikertzaile gazteek* iraganean naturalizatuta zeuden dinamika horien irakurketa kritikoa egitea".

"Askotan, ikusi ditut botere-abusuak lankideetan, baita nik neuk jasandakoak ere" 

Halaber, leaky pipeline fenomenoa nabarmendu du: nahiz eta prestakuntza zientifikoen hasierako ikasketetan emakume eta gizonen proportzioa antzekoa izan, kargu altuetan gizonak dira nagusi. "Sistemak, azkenean, emakumeak gizonak baino proportzio handiagoan kanporatzen ditu, genero-alborapen nabarmena duten mekanismoen bitartez". Gainera, gizonek eta emakumeek aukeratzen dituzten graduen aukeraketan alde nabaria dagoela ere ikusten du. Sozializazioan txertatutako genero-rolei egotzi die errua: "Genero-rol horiek ezabatzea izan behar da helburua, baina, era berean, aditzera ematea ez dela beharrezkoa berariazko ezaugarririk betetzea gradu jakin bat garatzeko, ezta zientzialaria izateko ere".

AUTOESTIMUA

Iruzurgilearen sindromea delakoa sufritzen duten pertsonek ez dituzte euren arrakastak barneratzen. Lorpen handiak eskuratu arren, merezi ez dituztela sentitzen dute, eta arrakasta zorteari edo engainuari egozten diote. Zehazki, norberaren gaitasunei buruz hautemandako zalantza-esperientzia subjektibo gisa definitu daiteke.

Hori aipatzerakoan, lau zientzialari emakumeek baieztatu dute aski ondo ezagutzen dutela. "Erabaki bat edota gauza berri bat egiteko orduan, nigan jartzen dudan konfiantza handia da, baina gauzak besteen aurrean azaldu behar ditudanean, telebistan edo hitzaldi batean, adibidez, iruzurgilearen sindromea askotan izan dut", onartu du Zulaikak.

Arruabarrenak azaldu du ikerlari-nagusi postuagaz batera hainbat beldur etorri zitzaizkiola eta, orain, "ia egunero" sentitzen duela. Halaber, generoari lotutako sindromea ere dela hausnartu du. "Orokorrean, ikusi dut emakumeak ez garela hain seguruak. Zalantza gehiago izaten ditugu eta okerrago saltzen gara. Zientzia arloa oso lehiakorra da eta egiten duzuna defendatu behar duzu diru-laguntzak lortzeko. Uste dut zati hori orokorrean hobeto ematen zaiela gizonezkoei".

Barradok uste du iruzurgilearen sindromeari aurre egiteko beharrezkoa dela emakumeek esparru publikoetan protagonismoa bereganatzea, besteentzako erreferente bilakatzeko: "Nire adineko emakumeei esango nieke: agertu zaitezke eta aurpegia eman, hori oso garrantzitsua delako gazteentzako. Komunikabideetan agertzeaz gain, eskoletan hitzaldiak ere ematen ditut. Gurasoek ere ikusi behar dituzte emakumeak zientzian daudela eta euren alabak bertatik ere joan daitezkeela".

ETORKIZUNEKO EMAKUMEENTZAKO ARGIA

Arruabarrenak zientzia munduan sartu gura duten emakumeei argi adierazi gura izan die euren buruengan konfiantza izateko, mutilek bezain ondo egin dezaketelako zientzialari lana. Zulaikak ere berretsi du beldurrak alde batera uzteko, "ezagutzak ez duelako generorik". Bilbaok, bere aldetik, konfiantza osoa du etorkizuneko emakume ikasleengan eta euren lanean: "Haiek behar ditugu lanbide hau guztiontzako leku politagoa izan dadin".

"Haiek behar ditugu lanbide hau guztiontzako leku politagoa izan dadin"

Hala, argi dago oraindino ezberdintasun eta aldaketa sakonak eman behar direla zientziaren mundua neska gazte, ama eta emakume heldu guztientzako esparru parekatu eta eroso bat bihurtzeko. Hala eta guztiz ere, Zulaikak, Barradok, Arruabarrenak eta Bilbaok daborduko hazia erein dute etorkizuneko emakume zientzialariei bidea errazagoa egiteko. Zientzia emakumeena ere badelako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun