Elkartasun jaialdia

Aske antolakundea: "Elkartasunez erantzunez gero, errepresio kasuei aurre egitea lortuko dugu"

Ander Zarraga 2025ko mar. 13a, 12:10

2023ko abenduan, Araba espetxean egin zuten martxan, Aske antolakundeko kideek poliziaren jazarpena jasan zutela salatu zuten. © ASKE

Zapatuan, martxoaren 15ean, Aske antolakundeak elkartasun eguna egingo du Danontzat gaztetxean: 19:00etatik aurrera, Retraso, Lenago il, Arnasestu, Estutu eta Dj Goxua taldeen emanaldiak egongo dira. 2023an, antolakundeak Zaballan dagoen Araba espetxeko euskal preso politikoei elkartasuna adierazteko martxagatik jaso zuen 153.600 euroko isunari aurre egiteko jaialdia izango da. Antolakundeko kideengana jo dugu beraien helburuak azal ditzaten.

Hasteko, zer da Aske antolakundea?

Aske, Jardun koordinadoraren baitako errepresioaren aurkako eta amnistiaren aldeko antolakunde independentista eta sozialista da. Kolpe errepresiboei erantzun eraginkorrak emateko tresnak sortzea zein Euskal Herri Langileak egunerokotasunean pairatzen duen errepresioa aztertzea eta politikoki sozializatzea da antolakundearen funtzioa. Ulerturik, errepresioaren aurkako borrokan amnistiaren aldeko borroka ezinbestekoa dela; alegia, amnistia, ikuspuntu estrategikotik ikuskatuta, amnistia berriak beharrezkoak ez izateko baldintzak sortzean datza.

Zentzu horretan, errepresioaren aurkako borroka, Euskal Herri Langilea zapaltzen duen sistemaren aurkako proiektu integral baten baitan egon behar dela ulertzen dugu. Izan ere, frantziar, espainiar eta euskal burgesiak zapalkuntza sistema betikotzeko asmoarekin Euskal Herri Langilearen aurka burutzen duten errepresioak, honi aurre egitea eta amnistiaren aldeko borroka maila nazionaleko proiektu integral batean txertatuta egotea galdegiten du. Ildo horretatik, Aske, Jardun koordinadoraren baitan Euskal Herri Langileak pairatzen duen jazarpenari aurre egiteko antolatutako tresna da, Alternatiba Iraultzailearen izaera integralean aurrerapausoak ematen jarraitzea bermatu behar duena.

Zergatik egingo duzue elkartasun jaialdia zapatuan?

2023ko abenduan, Zaballako Araba espetxera martxa antolatu zuen, euskal preso politikoei elkartasuna aurrez-aurre adierazteko asmoz. Bertan, errepresio politikoa medio, 153.600 euroko isuna jaso genuen. Horren aurrean, isiltasuna, pasibotasuna eta indibidualtasuna ez dira aukera bat. Errepresioa mugimendu iraultzailearen eta bere aldarrien gainean ezarri denez, erantzunak tamainako behar du izan. Erakutsi beharra dago ez dugula errepresio politikorik onartzen, eta horri aurre egiteko antolatuta gaude. Xede horretan, eskualdez eskualde elkartasun jaialdiak antolatzen ari gara. Elkartasunez erantzunez gero, errepresio kasuei aurre egitea lortuko dugu.

Araba espetxera egindako martxan, Ertzaintzaren aldetik hainbat eraso pairatu zenituztela salatu duzue…

Manifestazioa hasi bezain laster, berau oztopatzen ahalegindu ziren zipaioak. Hala ere, bertaratuen erantzuna aurrera egitea izan zen. Manifestazioaren ostean, espetxera heltzeko dagoen bide bakarra zipaioz josi zuten, irteeran ahal izan zituzten manifestari denak geldiaraziz. Banan-banan identifikatu, katxeatu, iraindu, grabatu eta zenbait kasutan jipoitu, ukitu sexualak zein heriotza-mehatxuak egin zizkiguten.

"Manifestazioaren ostean, espetxera heltzeko dagoen bide bakarra zipaioz josi zuten, irteeran ahal izan zituzten manifestari denak geldiaraziz. Banan-banan identifikatu, katxeatu, iraindu, grabatu eta zenbait kasutan jipoitu, ukitusexualak zein heriotza-mehatxuak egin zizkiguten"

Zer da isun horien bitartez bilatzen dutena zuen ustez?

Isun horien helburua argia da. Estatuak berezkoa du errepresio politikoa. Ordena soziala mantentzera begira, egiturazkoa da errepresioa politikoa. Hau dugu horren adierazleetako bat. Espainiar, frantziar eta euskal burgesiarentzako eta haien interesentzako arriskutsua den mugimendu iraultzailea jo-puntuan daukate. Izaera autoritario eta diziplinarioko errepresio politikoa dugu hau, mugimendu iraultzailea ekonomikoki itotzea eta euskal preso politikoekiko elkartasuna deuseztatzea duena helburu.

Eskualdean beste elkartasun jaialdirik egingo duzue?

Momentu honetan larunbatean Plentziako Danontzat gaztetxean antolatu dugun elkartasun egunera ditugu indarrak bideratuta. Retraso, Arnasestu, Lenagoil, Estutu eta Dj Goxua izango ditugu gurekin. Horrez gain, inguruko ekoizle eta komertzioetako produktuz osatutako otzara baten zozketa ere egingo da. 19:00etan izango da ate irekiera eta kontzertuen hasiera.

Zerbait gehiago erantsi nahi duzue?

Jardun koordinadorak apirilaren 20an Gernikan antolatutako Aberri Egunera bertaratzeko deia luzatu nahi genuke. Independentzia eta sozialismora bidean, langileen antolakuntza halabeharrezko baldintza suertatzen denez, Aberri Eguna bide horretan Euskal Herriko langileen elkargune izateko tresna baita. Euskal Herri Langilea batu!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun