Mankomunitateak, berau osatzen duten udalerrien ordezkari gisa, konpromiso sendoa adierazi du mendekotasun-egoeran dauden pertsonen eta horien familien bizi-kalitatea hobetzeko. Helburu hori betetzeko asmoagaz, joan den urriaren 2an, Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako Departamentuagaz bildu zen zerbitzu hori garatu ahal izateko Sopelako lokal bat eskaintzeko. Hala ere, azaldu dutenez, eguneko zentroen eredua aldatu denez, proposamen hori ez da garatu oraindik.
Uribe Kostako biztanleria zahartze-prozesuan dagoela ohartarazi dute Mankomunitateko iturriek, eta horrek gero eta baliabide gehiago eskatzen ditu adinekoei eta mendetasun-egoeran daudenei eguneko arreta emateko. Gaur egun, eskualdean ez dago kolektibo horri arreta integrala eta espezializatua eskaintzen dion ekipamendurik.
Ildo horretan, azpimarratu dute eguneko zentroek berebiziko garrantzia dutela autonomia pertsonala mantentzeko, narriadura prebenitzeko eta familia zaintzaileei laguntzeko. Baliabide horiei esker, erabiltzaileek arreta profesionalizatua jaso dezakete beren beharretara egokitutako ingurune seguru batean, eta zaintzaileen familia eta lan-bizitza bateratzen ere laguntzen dute.
Gainera, Mankomunitateak 3.100 pertsonak sinatutako dokumentu bat jaso du, Bizkaiko Foru Aldundiari bere betebeharrak betetzeko eskatzen diona, 2015eko urriaren 26ko Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuaren arabera. Dekretu horrek ezartzen du Aldundiak eskumena duela II. eta III. mendekotasun-maila duten pertsonentzako eguneko zentro bat sortzeko Bizkaiko eremu guztietan. Gaur egun, Uribe Kostako eskualdea da funtsezko zerbitzu hori ez duen eskualde bakarra.
Horregatik, eskaera hori onartu da, eta, gainera, Mankomunitateak konpromisoa hartu du Aldundiagaz eta eskumena duten beste erakunde batzuekaz lankidetzan aritzeko, baliabide hori ahalik eta lasterren ezar dadin. Eskaera hori eskualdean bildutako 3.100 sinaduretan oinarritu da.