Bizkaiko gazte musikarien talentua bultzatzeko helburuagaz jaio da Señeak Bizkaia Rock Kanpusa. Bizkaiko Foru Aldundiak Gatibu taldeko kideak diren Alex Sardui eta Ekain Alzolagaz bat egin du musika ikasle gazteei esperientzia paregabea eskaintzeko Pasku Astean.
Musika funtsezko tresna pedagogikoa da, pentsamendu kritikoa, sormena eta talde-lana sustatzen dituena. Nerabeei zuzuendutako egonaldi hau, ez bakarrik ikasleek beren musika-trebetasunak hobetzeko, baita bizitzako beste alderdi batzuetan baliagarriak izango diren gaitasun pertsonalak eta sozialak garatzeko ere.
Musikaren bidez gazteen garapen integrala sustatzea da gure helburua. Tresnak ematea, sormena, talentua, trebetasun sozialak, talde-lana eta pentsamendu kritikoa sustatzeko. Euskara komunikazio-hizkuntza gisa erabiliz hizkuntza-identitatearen alde egitea, eta bide batez, elkarbizitzan ikasteko bidea eskaintzea, giro dinamiko eta aberasgarri baten
azaldu du Ahaldun Nagusiak.
Musika munduan bizi garenok egunero ikusten dugu gazteen artean harrobia dagoela, baina ibilbide formaletatik kanpo profesionalki hazteko eta ikasteko aukera gutxi daude. Horregatik, Señeak bezalako bide berriak egitea ezinbestekoa dela uste dugu. Gazteei euren talentuaz gozatzea eta esperientziadun artisten eskutik ikastearen aukera paregabea eskaintzea
azaldu du euskal abeslaria Alex Sarduik.
Bestalde, Aitor Pagaldai Lauaxeta ikastolako zuzendariak gaineratu duenez Lauaxeta ikastolarenzat Señeak Bizkaia Rock kanpuseko parte izatea guztiz bat dator ikastolaren hezkuntza helburuagaz. Bizkaiko nerabeentzako kultura, musika, kalitatezko aisia eta talde lana uztartzen dituen kanpusa ekimen bikaina dela uste dugu eta gazteek behar dituzten kalitatezko aisi aukerakaz bat datorrena.
Señeak Bizkaia Rock Kanpusa Lauaxeta ikastolan izango da apirilaren 21etik 26ra, Pazko Astean. Hautatuak izan direnek klase pertsonalizatuak jasoko dituzte lehen mailako euskal artisten eskutik, eta beren ikaskideakaz musika estiloak praktikatzeko eta fusionatzeko aukera ere izango dute.
Online izen-emateak
Deialdia musika ikasketak edo musikarako trebetasuna duen edozein gazte bizkaitarrari zabalik dago, eta izena emateak www.seneak.eus webgunearen bidez egin ahal dira gaurtik martxoaren 25era arte. Minutu gutxiko bideo bi bidali beharko dituzte gazteek euren burua aurkeztuz eta talentua erakutsiz. Ondoren, artista ezagunez osatutako epai-mahaiak 20 gazte aukeratuko ditu.
Esperientzia erakargarria nerabeentzat
Bost gau eta sei eguneko egonaldia izango da, Zornotzako Lauaxeta ikastolan egingo dena. Aste horretan zehar euskal artista ezagunakaz ikasiko dute gazteak, erreferenteen zuzeneko prestakuntza jasoko dute. Ordutegia 9:00etatik 18:00etara izango da; goizez klase instrumentalak eta teorikoakaz, eta arratsaldez talde-entseguak, jolas-jarduerak eta arte-sorkuntzako tailerrakaz.
Egonaldia zati bitan banatuta egongo da; eguneko lehen partean ikasteari ekingo diote (teoria musikala, praktika instrumentala, sorkuntza artistikoa…) eta arratsaldetik aurrera aisialdiko ekintzak egingo dituzte (irteerak, kirol ekimenak, taldelaneko proiektuak).
Ikaskuntza musikala euskal sortzaile eta musikari ezagunen eskutik jasoko dute, eta artisten bisitak ere izango dituzte. Arratsaldeko aisialdi eskaintza, berriz, Lauaxeta ikastolako begiraleen eskutik izango da, esperientzia handikoak zerbitzu hauek eskaintzen.
Ikasturte amaierako kontzertua
Kanpusaren azken egunean, larunbatean, partaideek doako kontzertua eskainiko dute Zornotza Aretoan. Bertan, ikasitako guztia erakutsiko dute ikusleen aurrean. Esperientzia paregabea nerabeentzat, euren irakasleakazeta erreferenteakaz batera jotzeko aukera izatea.