Kosta Trailek 48 ordu baino gutxiagoan agortu ditu Mendi Maratoi Erdirako 450 dortsalak

Nahia Martinez Gondra 2025ko mar. 21a, 10:02

Urtez urte 4.000 parte-hartzaile inguru biltzen ditu. © KOSTA TRAIL

Kosta Traileko 19. urtea berezia izango da, izan ere, Maratoi Erdiko 450 plazak (iaz baino 100 gehiago) 48 ordu baino gutxiagoan agortu dira, astelehenean izena emateko epea ireki zenetik. Balizko bajen aurreko itxaron-zerrenda ere denbora errekorrean itxi da. Orain ekainaren 15era arte itxaron beharko dute interesdunek Kosta Trailez gozatzeko. Beste bi modalitateek zabalik jarraitzen dute: Mendi Martxa (20 km) eta Familia Martxako (7 km) izen emateek 6 euroko kostua dute. Hemen eman daiteke izena ekainaren 14ra arte, betiere lehenago agortzen ez badira.

Bizkaiko kostaldeko itsaslabarretatik igarotzen den helburu solidarioetarako lasterketa herrikoia da Kosta Trail: itsas mailan egiten den proba bakarra da, lurrezko, hondarrezko eta asfaltozko lurrak konbinatuz. Hala, urtez urte 4.000 parte-hartzaile inguru biltzen ditu.

Kosta Traileko beste protagonista nagusia elkartasuna da. Aurten, aurreko lasterketetan bezala, izen-emateen bidez bildutakoaren zati bat GaituzSport Fundazioarentzat izango da, zeinak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren praktika bultzatzen duen aniztasun funtzionala duten eta ez duten pertsonen artean, baldintza berdinetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun