Plataformako kideek azaldu dutenez, 300 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten institutua eta Artatza parkeko biribilgunea lotzeko giza-katean. Puntu horretan itsasadarraren alde biak lotzeko ibai-azpiko tunela egiteko lanak hasiko dituzte, eta, protestaren bidez, obretan leherketak legeztatzeko eskaera salatu eta horiek osasunean izango dituzten afekzioak salatu zituzten.
Plataformak ohartarazi duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena (IIA) aldatzeko eskaera egin du obretan leherketak erabiltzea baimentzeko. Ekintzaileek azaldu dutenez, 2023ko abenduan argitaratutako IIAk erabat baztertu zuen leherketen erabilera, Artaza-Romo institutua bezalako eraikin sentikorretan "ondorio onartezinak" zituelako. Hala ere, jarduera horiek ahalbidetzeko, orain, Aldundiak dokumentua aldatu gura duela deitoratu dute, egikaritzeko epeak murriztea argudiatuz, "zarataren eta bibrazioen legezko mugak gaindituko lituzketen arren".
Subflubiala Ez! plataformak gaineratu duenez, leherketek PM2.5 partikulen, gas toxikoen eta mikroorganismo patogenoen gisako kutsatzaileen eragina areagotu dezakete. Mediku espezialistek osasunean izan ditzakeen ondorio negatiboei buruz ohartarazi dute, bereziki arnas gaixotasun kronikoak, hala nola asma, bronkitisa edo fibrosi kistikoa dituzten ikasleentzat. Halaber, arnas infekzio larriak eta, oro har, konplikazio medikoak areagotuko diren beldur dira.
Ohartarazpen horiek gorabehera, plataformak salatu du ez dela prebentzio-protokolorik edo kontingentzia-planik aurkeztu proiektuaren ondorio negatiboak arintzeko. "Ez dago konponbiderik. Inprobisazioa baino ez dago proiektu bat gauzatzeagatik jendearen osasunaren kontura", salatu dute.
Mobilizaziorako dei gehiago
Joan den barikukoaz gainera, ekintzaileek deialdi bana egin dute maiatzaren 11 eta ekainaren 14rako. Lehenengoan, bizikleta-martxa egingo dute, Portugaletetik abiatuta; bigarrenean, aldiz, kanpaldia egingo dute berriro ere –joan den irailean egin zuten beste bat–, Artatza parkean.
Argazkiak: © SUBFLUBIALA EZ! PLATAFORMA