Amaia kaleko mugikortasunari irtenbidea ematea eskatu du Elkarrekin Podemosek

Iker Rincon Moreno 2025ko api. 15a, 08:54

Putzegilearen biribilgunea. © ELKARREKIN PODEMOS

Getxoko eta Leioako Elkarrekin Podemos udal-taldeek bi udalen arteko koordinazio-proposamen bat aurkeztu dute, oinezkoei, txirrindulariei eta ibilgailuei eragiten dien eremuko mugikortasuna eta hiri-trazadura hobetzeko, bereziki Putzegilearen biribilgunearen inguruko kaleetan eta galtzadan.

Proposamenak foku nagusitzat du Amaia kalea eta Putzegilearen biribilgune ingurua, non azken urteetan handitu egin den ibilgailuen zirkulazioa, hainbat supermerkaturen irekieraren eta aparkaleku berrien ondorioz. Lehendik ere zirkulazio handia zuen kale horrek, Areetako Osasun Zentroa edo Inbisa industrialdea bezalako guneek sortutako joan-etorriengatik, eta, nabarmendu dutenez, aurreikusten da trafikoa are gehiago pilatuko dela Langileria kalean (Leioa) martxan jarri gura duten hirigintza-proiektuagaz eta Lamiakoko ibai azpiko tunelaren eraikuntzagaz.

“Puntako orduetan, eta batez ere euria egiten duenean, gero eta ohikoagoak dira auto-ilarak,” adierazi dute Elkarrekin Podemosen ordezkariek. Alabaina, mahai gainean jarritako arazoak ez dira soilik trafikoari lotuak: espaloien estutasunak oinezkoen segurtasuna kolokan jartzen du, eta bidegorri sarearen gabeziek arriskutsuak bihurtzen dituzte bizikletazko joan-etorriak.

Koalizio morearen esanetan, arazoak ez dira Amaia kalera mugatzen; Gobelaurre kalea ere aipatu dute, ikastetxe biren eta udalerri bietako sarbide bihurtu den puntua delako. Gainera, gogoratu dute inguru horretan tunel berria eraikitzeko lanek zazpi urtez iraun dezaketela aurreikusten dela, eta egunero 200 kamioik inguru igaro beharko luketela. Horrek, besteak beste, Artatzarako sarbidea moztuko luke, eta trafikoa are gehiago pilatuko litzateke Putzegilearen biribilgunearen inguruan.

Azkenik, azpimarratu dute airearen kalitatearen okertzeak osasun-arazo larriak eragin ditzakeela, kale horietan oinezko asko ibiltzen baitira egunero. Horregatik, Getxoko eta Leioako Elkarrekin Podemoseko udal-taldeek proposamen bateratu bat erregistratu dute, eta osoko bilkurara eramango dute koordinazio mahai bat sortzeko, aspalditik dauden zailtasunak eta aurreikuspenen arabera etorriko direnak jorratzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun