Ertzaintzak 22 urteko gazte bat atxilotu du Gorlizen eta Plentzian ustez lapurretak egiteagatik

Ander Zarraga 2025ko api. 28a, 09:04

Ertzaintzako agenteak atxiloketa egiten, artxiboko irudian. © SEGURTASUN SAILA

Ertzaintzak jakinarazi duenez, Gorlizko etxebizitzan in fraganti harrapatu zuten lapurreta egiten ari zen bitartean; aurreko astean Getxon ere indarra erabiliz ebasketa bat egiten saiatu zela jakinarazi dute. Zehaztu dutenez, gazteak bizikleta bat bereganatu zuen Plentziako etxebizitzan, eta hori bera erabili zuen bigarren etxera joateko.

Batetik, Ertzaintzak Plentziako etxebizitza batean izandako lapurretaren berri izan zuen. Jabeak salatutakoaren arabera, martxoaren 14az geroztik, ezezagun bat edo batzuek etxeko sotoko leihoa apurtu eta bizikleta bat lapurtu zioten. 

Bestetik, apirilaren 6ko goizaldean, Gorlizko bizilagun batzuek Ertzaintza deitu zuten, aldameneko etxebizitza batean zaratak entzun baitzituzten. Bertaratu ziren agenteek egiaztatu zutenez, etxeko leiho bateko kristala hautsita zegoen eta barruan 22 urteko gizon bat aurkitu zuten. Agenteek gizona atxilotu zuten etxean indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Atxilotua bizikletan joan zen lapurreta egitera, eta haren jatorriari buruzko azalpen fidagarririk eman ez zienez, agenteek hori konfiskatu egin zioten.

Ikerketa-lanakaz jarraituta, agenteak ohartu ziren atzemandako bizikleta hainbat egun lehenago Plentzian lapurtutakoa zela. Gainera, inplikatua apirilaren 24an goizean berriz atxilotu zuten Getxon, indarra erabiliz egindako beste lapurreta-delitu bat leporatuta.

Atxilotua polizia-egoitzara eraman zuten beharrezko izapideak egitera, eta, horiek amaitutakoan, agintari judizialaren eskuetan jarriko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun