Eskualdean, herritarren buruhauste gehien eragin dituen arazoetako bat Metro Bilbaoren zerbitzuaren etetea izan da, itzalaldia gertatu denean bidaiariak metrotik eta geltokietatik atera behar izan baitituzte. Hori dela eta, jendeak autobusa eta beste aukera batzuk bilatu behar izan ditu helmugara heltzeko, baina trafikoan ere hainbat buruhauste izan dira, semaforoak ere zerbitzuz kanpo geratu baitira. Lerrok idazterakoan, metroak zerbitzuz kanpo jarraitzen du.
Gainera, Petronorren instalazioetatik zetorren ke-hodei handi bat ikusi ahal izan da eskualdeko hainbat tokitatik. Lehen jakinarazpenen arabera, itzalaldiaren ondorioz findegian larrialdiko geldialdi bat egin ondoren sortu da kea, baina enpresak ziurtatu du ez dagoela arriskurik herritarrentzat.
Oro har, larrialdi-zerbitzuek ez dute aparteko gertakarien berri eman; hala ere, suhiltzaileek igogailuetan harrapatutako pertsonak ateratzeko ateraldiak egin behar izan dituztela adierazi dute.
Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Herri Babeserako Planaren larrialdi fasearen 2. egoera aktibatu du. Halaber, Getxoko Udaleko sare sozialetatik herritarrei "zerbitzu publikoen erabilera saihesteko" eskatu diete, erabilgarri dauden horiek ez "saturatzeko".
‼️⚠️ Itzalaldi orokor bat dela eta, herritar guztiei eskatzen diegu zerbitzu publikoen erabilera saihesteko, behar-beharrezkoak diren kasuetan izan ezik, erabilgarri dauden baliabideak ez saturatzeko.
— Getxo Udala (@GetxoUdala) April 28, 2025
Mesedez, lasai egon eta jarraibide ofizialei jarraitu.
Eskerrik asko zure… pic.twitter.com/dPuhMyjzTe
Momentuz, ez dute Espainia, Frantzia eta Portugali eragin dion itzalaldi masiboaren arrazoi ofizialik adierazi, baina argindarra berrezartzen ari da pixkanaka-pixkanaka.
Ez dago argi zerk eragin duen itzalaldia
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du lanean ari direla argindarraren etetearen jatorria zein izan den argitzeko, baina nabarmendu du hobe dela espekulaziorik ez egitea, hala nola zibererasoaren hipotesia, zeinak pisua galtzen ari den denborak aurrera egin ahala, ez dagoelako horren zantzurik. Era berean, nabarmendu du ez dagoela segurtasun arazorik, eta osasun-sistemak "ondo" funtzionatzen duela.
Herritarrei hainbat gomendio egin dizkie Sanchezek: autoa ahalik eta gutxien erabiltzea uneotan; informazio iturri ofizialak erabiltzea; telefono mugikorra "modu arduratsuan" erabiltzea –112 zenbakira behar denean soilik deituz, eta deiak ahal bezain laburrak eginez—; eta aparailu elektrikoak deskonektatzea sare elektrikotik.
Espainiako Nazioaren Segurtasunerako Kontseiluak bigarren bilera egingo du, 19:00etatik aurrera.