Beharsarea.eus-ek euskarazko lana sustatzeko hiru kanpaina abiatuko ditu 2025ean

Erredakzioa 2025ko api. 29a, 17:16

Besteak beste, Gabonetako kanpainan ostalarientzako lan-poltsa osatuko dute.

Euskara lan-eremura eroateko asmoz sortutako Beharsarea.eus atari digitalak lan-poltsak osatzeko hiru kanpaina abiatuko ditu aurten. Getxoko Euskara Zerbitzuak eta Egizu Euskara Elkarteak 2011n sortutako plataforma honek euskaraz lan egiteko prest dauden pertsonak eta langile euskaldunak behar dituzten herritarrak konektatzea du xede eta, gaur egun, Getxo, Erandio, Leioa, Basauri eta Galdakao udalerriek sustatzen dute ekimena.

Beharsarearen arduradunek adierazi dutenez, "euskaraz egiten duten ume-zaintzaile, tabernari, dendari eta bestelako langileen eskaera gero eta handiagoa da gure herrietan, eta eskaera horri erantzun nahi dio Beharsareak”. Euskaraz lan egiteari lehentasuna ematen zaio, beraz. “Horrez gain, zerbitzuaren berehalakotasuna ere azpimarratu behar da; alegia, goizetan haurrak eskolara eramango dizkien zaintzaile bila dabiltzan gurasoek, esaterako, egun batetik bestera aurki dezakete zaintzaile euskalduna Beharsarearen bidez”.

Zerbitzua hobetzeko asmoz, lan-poltsak egituratu dira eta hauek izango dira urtean zehar martxan jarriko diren hiru kanpainak:

  1. Udako aisialdirako kanpaina, begirale eta entrenatzaileentzat, jada indarrean dago.

  2. Ikasturte hasierari begirakoa, umeak zaindu edo eskolak emango dituzten langileentzat.

  3. Gabonetako kanpaina, merkatari eta ostalarientzat.

Horrez gain, euskaltegi eta euskara eskolak emateko lan-poltsa berri bat ere egongo da eskuragarri, nahiz eta berariazko kanpainarik ez izan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun