Uribe Kostaren etorkizun ekonomikoari buruzko jardunaldia egingo dute eguenean Plentzian

Ander Zarraga 2025ko mai. 13a, 12:21

Plentziako Itsas Estazioan egingo duten topaketa 09:30ean hasiko da.

Uribe Kostako ekonomia estrategikoa definitzen izenpean egingo duten jardunaldiak eskualdeko erakundeetako, enpresetako eta gizarteko ordezkariak bilduko ditu barikuan, maiatzaren 16an, goizeko 09:30etik aurrera. Besteak beste, Plentziako Itsas Estazioan egingo duten topaketan Uribe Kostako etorkizuneko garapen ekonomikoaren gakoak zehaztu gura dituzte.

Saioa bi bloketan banatuta egongo da. Lehenengoan, NAIDER laborategi kolaboratiboak Uribe Kostako diagnostiko sozioekonomiko zehatza aurkeztuko du, tokiko ekosistema enpresarialaren erronka eta aukera nagusiak mahai gainean jarriz. Atsedenaldi labur baten ostean, bigarren blokean, Mehatzaldeko Behargintza eta Goierriko Garapen Agentzia bezalako Euskal Herriko beste garapen agentzien testigantzak eta esperientziak azalduko dituzte. Horien ekarpenak eskualdeko etorkizuneko eredu ekonomikoari buruzko eztabaida aberasteko balioko dute.

Uribe Kostako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari politikoak ere izango dira jardunaldian. Gainera, enpresei, sindikatuei, gizarte-eragileei eta tokiko merkataritzaren arduradunei hitza emango diete, eskualdeko garapen ekonomikoari buruzko hausnarketa kolektiboa eta parte-hartzailea sortzeko asmoagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun