Euskaraldia 2025

Euskara entzun dadila!

Nahia Martinez Gondra 2025ko mai. 14a, 10:29

Mikel Zarate eta Iker Aginaga Erandioko eta Getxoko Euskaraldiaren antolakuntzan daude, hurrenez hurren.

Maiatzaren 15etik 25era, euskarak udaberriagaz batera loratzeko parada izango du Euskaraldiaren barnean. Hala, Getxoko eta Erandioko Euskaraldiko antolakuntzan lanean ari diren Iker Aginagak eta Mikel Zaratek 11 egun horietako aurrerapen bat ekarri digute.

Ahobizi, Belarriprest edo Irribizi txapak soinean –azken hori Getxon soilik–, hasi da euskara oztopo guztien gainetik mintzatzeko eta bizitzeko aroa: heldu da Euskaraldia, euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua! Aurtengoa, ordea, berezia izango da, aurreko edizioetan ez bezala, udaberri bete-betean harrapatuko gaituelako. Zehazki, maiatzaren 15etik 25era ospatuko da eta Uribe Kostako herri guztiak ekimen honetara batuko dira. Hala, ekinbidearen antolakuntzaz arduratzen diren Iker Aginagak eta Mikel Zaratek aurtengo Euskaraldiko gako batzuk eman dizkigute. Leloak argi laburtzen duen moduan, elkar mugituz egingo dugu!

Bilakaera

Euskaraldiaren 4. edizioa da aurtengoa eta, urteetan zehar, naturala den moduan, aldatzen joan da. Erandioko Euskaraldia antolatzen diharduen Mikel Zaratek lehenengo urtea gogoratu du: "Hasieran, Euskaraldia berria zen, freskoa, ilusionagarria. Euskal Herri guztian hamaika egunez euskaraz egin genuen. Dinamika berria zen, modu berriak ekartzen zituena. Elkarrizketa elebidunek aukera berriak sortzen zituzten euskaraz egiteko, txapek euskaldun gehiago ezagutzeko aukera eman ziguten. Lehen hitza irribarre batekin egiten genuen eta sorpresa politak hartu genituen!".

Hala, hasiera guztiek duten pizgarri horretatik abiatuta, denboran zehar lanketan sakondu gura izan dute, Euskaraldia urtez urte hobetzeko. Erandioztarraren ahotan, rolak zeintzuk ziren hobeto ezagutu eta bakoitzaren zailtasunak zintzotasunez identifikatu zituzten: "Pentsatzen genuena baino euskara gutxiago erabiltzen genuela eta egoera batzuetan euskarari eusteko zailtasunak ditugula onartu behar izan genuen". Gainera, entitateek paper garrantzitsua ere jokatu zuten: Ariguneak sortu zituzten, euskaraz modu erosoan egiteko guneak. Hala ohartu ziren taldearen babesa beharrezkoa zutela euskararen praktika 11 egunez bultzatzeko.

Bere aldetik, Getxoko antolakuntzan lan egiten duen Iker Aginagak ere gogoan du lehenengo Euskaraldiak "izugarrizko arrakasta" izan zuela zabalkundean. Egun, berria den horrekiko emozioa lasaitu egin den arren, ekimena hobeto ezagutzen dela ondorioztatu du. "Euskaraldia gero eta kontzienteagoa eta sakonagoa da. Nahiz eta zenbakietan ez duen gora egiten, eraginean euskararen erabilerak gora egin dezakeela esango nuke".

Izan ere, Euskaraldiaren xedea ez da  11 egunetara soilik mugatzen, harago doan mugimendua da. Hala, baieztatu du Zaratek: "Nazio mailan eta denok batera egiten dugun dinamika zabaldu nahi dugu, denboran eta gizartean. Hizkuntza-ohituren inertziak astindu nahi ditugu, euskara gehiago erabiltzeko urratsak emango ditugu, euskaraz bizitzeko neurriak hartuko ditugu, euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua indartuko dugu, euskalgintza aktibatuz eta lankidetzan arituz, euskal hiztunak martxan jarriz».

Antolakuntza

Erantzukizun handia da Euskaraldia bezalako nazio mailako ekimen bat antolatzea, eta horretan aritzen direnek aski ondo dakite. Zaratek argi du: "Antolaketa lanak ariketaren egunak bezain garrantzitsuak dira". Halaber, oraingoan herritarrei protagonismoa emango dietela zehaztu du: "Belarriprestak animatu behar ditugu euskarazko elkarrizketa edo elkarrizketa elebidunak ahalbidetzeko. Ahobiziak aktibatu nahi ditugu euskara ahalik eta gehien egiteko.  Erronka konkretuak irudikatuko ditugu, aldaketa eraginkorrak lortzeko. Euskaraz bizitzeko gogoz ari den komunitate bat garela ospatu nahi dugu".

Aginagak onartu du antolakuntza beti izaten dela "gorabeheratsua", baina, Getxoren kasuan, saiatu direla hasieratik lan ildoak ondo zehazten. Horregatik, hilabeteotan lanean aritu dira ikastetxeakaz, guraso elkarteakaz eta aisialdi eta kirol elkarteakaz, besteak beste. Era berean, Getxoko figura propioa den Irribizi landu gura izan dute, eta bertan indarrak jarri dituzte: "Getxoko errealitateari atxikitzen zaion figura da. Badago jende bat, nagusien artean, euskara ikasi ezin izan  baina nolabait euskararen normalizazioan lagundu nahi izan dutenak. Esaterako, seme-alabak D ereduan matrikulatu dituztenek euskarari oztopoak kendu dizkiote".

Garrantzia

Euskaraldiaren garrantziaz galdetzean, Aginagak testuinguru eta paradigma aldaketan erreparatu du: "Orain dela 50 urte indar gehiago egin behar zen euskara ikasteko eta jendea euskalduntzeko. Gaur egun, gazte gehienak, guztiak ez esateagatik, euskaldunak dira, euskaraz hezi dira eta euskaraz egiteko kapazitatea dute. Beraz, egin behar dugu salto hori jakintzatik erabilerara, eta Euskaraldiak horretan jartzen du indarra, hain zuzen". Gainera, euskara lasaitasunez eta era eroso batean erabiltzeko guneak zabaltzen dituela uste du, "hori delako euskarak behar duena, azken finean".

Era berean, Zaratek ekimenaren erabilgarritasuna azpimarratu du, marko bat ematen duelako inertziak gainditzeko eta estres linguistikoari aurre egiteko. "Mezu zehatza du: egidazu euskaraz! Txapak hori bera adierazten digu. Ahobizi zein Belarriprestok euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko konpromisoa hartzen dugu". Hala, batu zaitez Euskaraldira eta 11 egun hauek izan daitezela euskarazko bizitza oso baten hasiera! 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun