Sare Herritarrak zabaldutakoaren arabera, espetxe eta birgizarteratze politikak, baldintzak betetzen dituztenen kasuan, zigorraren azken urteak erregimen irekian betetzeko aukera ematen die preso guztiei oro har. "Euskal presoen kasuan ordea, salbuespen politika da bide horren oztopo eta, lege arrunta aplikatuko balitzaieke, euskal presoen % 100ak beteko lituzke kalera irteten hasteko baldintza horiek".
Euskal Herrian dauden espetxeetan zigorra betetzen ari diren 117 presoetatik, batzuk erregimen irekian egiten dute, hala nola hirugarren graduan, baina 58 dira egun zigorra erregimen itxian betetzen ari diren euskal presoak, eta 29 dira preso horiek barne hartzen dituzten herriak. 29 herri horiek zapatu-domeka honetan lotu dituen ekimena izan da "Puzzlea osatu arte!", eta, azaldu dutenez, preso horiek etxerako bidea egitearen garrantzia da nabarmendu gura izan dutena, "beraien zigorrak erregimen irekian betez, zigorraren azken urteak etxean bete ditzatenaren beharraz".
Hala, bi egunez, Lesakan hasi eta Iruñean amaitu den ekimenean, oraindino puzzlea osatzeko falta diren zatiak puzzlean kokatzeko eskatu dute. "Puzzlean falta diren presoei lege arrunta aplikatu eta etxerako bidea egin dezaten aldarrikatu dugu. Baldintzak betetzen dituztelako, legeak aukera ematen duelako".
Argazkiak: © SARE HERRITARRA