Atzo, Ereagako hondartzan egin zuten denboraldiko aurkezpen ofizialean Amaia Aguirre Getxoko alkatea, Elixabete Etxanobe diputatu nagusia eta Arantza Atutxa Natura Ingurune eta Nekazaritza diputatua izan ziren. Horretan nabarmendu zutenez, Aldundiak hondartzako zerbitzuak egungo beharretara egokitzeko apustua egin du, kostaldeko ekosistemen osasuna arriskuan jarri gabe. Hala, besteak beste, hormigoizko egitura zaharren ordez altzairu herdoilgaitzezko dutxak jarri dituzte, arinagoak eta desmuntagarriagoak, eta megafoniako 33 zutoin berritu dituzte.
Azaldu zutenez, neguan, hormigoizko 16 base kendu dituzte, urte osoan lurperatuta egon direnak, eta daborduko sei bakarrik geratzen dira kentzeko. Eraldaketa horri esker, oreka naturala aldatu gabe, dutxen eta megafoniaren kokapena hondartzetako morfologia aldakorrera egokitu ahal izango dutela azaldu dute.
Era berean, lurraldeko zortzi hondartzatan —La Arena, Ereaga, Laidatxu, Plentzia, Gorliz, Bakio, Isuntza eta Arrigorri— ematen den bainu lagunduaren zerbitzuari dagokionez, ordutegia 20:00ak arte luzatuko dute, eskaeraren igoerari erantzun ahal izateko. Horretarako, zerbitzuak 24 profesional izango ditu, mugikortasun murriztua eta uretako salbamendua duten pertsonei arreta ematen espezializatuak. Erreserbak online edo zuzenean egin ahal izango dira horretarako puntuetan.
Aldi berean, jakinarazi dute Aldundiak eskuz garbitzeko proba pilotu bat jarri du martxan Laida, Laga, La Arena eta Gorlizko Astondoko dunak bezalako gune babestuetako hondartzetan, biodibertsitateari eta klima-aldaketaren aurkako kostaldearen defentsari laguntzen dioten itsasotik heltzen diren elementu naturalak babesteko. Ekimen horri esker, 56 tona materia organiko mantendu ahal izan dituzte hareatzetan, eta % 80raino murriztu da zenbait puntutan.
Azkenik, aurtengo denboraldian 101 pertsona arduratuko dira denboraldian zehar hareatzak garbitzeaz, makineria espezializatuko flota baten laguntzagaz. Era berean, 600 paperontzi eta edukiontzi baino gehiago jarriko dira, 2022an estreinatutako paperontzi adimendunak barne, hareatzetatik kanpo, inpaktuak minimizatzeko.
154 sorosle
Salbamendu dispositiboa ere indartu egingo dela azaldu dute: 154 soroslek eta 16 koordinatzailek emango dute zerbitzua egunero Bizkaiko 28 hondartzetan, itsasontziak, uretako motoak, buggy elektrikoak, desfibriladoreak eta osasun laguntzarako beste material batzuk dituztela. Horrez gain, udalerrietako hondartzainek bizikidetza eta hareatzetako arauak errespetatzen dituztela zaintzen dute.
Hauek izango dira eskualdeko hondartzetan egongo diren sorosle kopurua: 2 Areetan; 5 Ereagan; 4 Arrigunagan; 3 Gorrondatxen; 5 Barinatxen; 7 Arriatera-Atxabiribilen; 2 Muriolan; 4 Plentzian; 6 Gorlizen eta 2 Armintzan.