Mankomunitateak aurrezpena eta jasangarritasuna sustatu gura ditu energia-komunitateei buruzko jardunaldien bidez

Ander Zarraga 2025ko eka. 3a, 16:44

Energia-komunitateen bitartez bizilagunen komunitateetan energia partekatzea, argiaren fakturan aurreztea eta eredu bidezkoago eta iraunkorrago baten alde egitea. Hori da hain zuzen ere, Uribe Kostako Mankomunitateak herritarren artean sustatu gura duen ideia, hurrengo egunetan Uribe Kostan egingo dituzten jardunaldien bitartez.

Saioak daborduko hasi dituzte eta hurrengo egunetan honela banatuko dira: ekainaren 3an, Sopelako Kurtzio kultur etxean, 19:00etan; ekainaren 4an, Barrikako udaletxean, 19:00etan; ekainaren 5ean, Berangoetan, 18:30ean eta ekainaren 10ean, Plentziako udaletxean, 18:30ean.

CERES OTC enpresak antolatutako saioen helburua energia-komunitateen funtsezko alderdi guztiak modu praktiko eta eskuragarrian hurbiltzea izango da: zer diren, nola eratzen diren, zer onura ekartzen dituzten eta bizilagunak nola inplika daitezkeen, bai lehendik dagoen bategaz bat eginda ala zerotik bultzatu gura bada.

Jardunaldi horietan energia-kulturaz hitz egingo dute, eta bertaratutakoei irakatsiko diete nola irakurtzen eta ulertzen den argiaren faktura, benetako kontsumoa identifikatzen eta ekonomia eta ingurumen arloko aurrezpenak sortzen dituzten aldaketak aplikatu ditzaten. Halaber, energia berriztagarrien autokontsumoaren abantailak, ekimen horiek sustatzen duten kohesio soziala eta tokiko autonomia energetikoan duten zeregina ere azalduko dira.

Jardunaldiak doakoak izango dira eta herritar guztientzat zabalik egongo dira. Antolatzaileek azpimarratu duten baldintza bakarra ikasteko gogoa izatea eta energia bidezkoago, lokalago eta iraunkorrago bateranzko aldaketaren parte izatea izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun