Uren UR Fest jaialdiaren bigarren edizioa ospatu zuten maiatzaren 13tik 23ra, eta antolatzaileek balantze oso positiboagaz itxi dute programazioa, 1.500 pertsona baino gehiagoren parte-hartzea izan baitute.
Jaialdia maiatzaren 13an hasi zen Bilboko Itsasmuseumen, Ozeanoaren ahotsa argazki-erakusketagaz. Horretan, itsas bizitza, itsasoek dituzten erronkak eta ekosistema ozeanikoen edertasun paregabea erakutsi zituzten 25 argazkilari nazional eta nazioartekoren lanen bitartez.
Ostean egin zituzten jardunaldien barruan, unerik aipagarrienetako bat maiatzaren 18an izan zen, Itsasmuseumen, Ocean Day Every Day ekitaldiagaz. Egun osoan zehar, helduek eta txikiek ilustrazio zientifikoko tailerretan, jolas didaktikoetan eta errealitate birtualeko betaurrekoakaz murgiltzeko esperientzietan parte hartu ahal izan zuten.
Jaialdiak itsas dibulgazioko tailer batzuk ere eskaini zituen eskualdeko hainbat ikastetxetan, hala nola Urdulizko Elortza eskolan eta Lemoizko eskolan. Gainera, jarduera egokituak egin zituzten Urdulizko Gaude elkartearen Mendiondo Okupazio Zentroan eta ASEBIER Euskadiko Gaixotasun Arraroak, Arantza Bifidoa eta Hidrozefalia dituzten pertsonen Elkartearen egoitzan, Tantakek irisgarritasunagaz eta inklusioagaz duen konpromisoa indartuz.
Urez UR Festen dimentsio zientifikoa maiatzaren 21ean gauzatu zen Itsas ikertzailea egun batez tailerragaz, EHUko Plentziako Itsas Estazioagaz lankidetzan. Jardunaldi horretan, parte-hartzaileek ikerketa-proiektuak ezagutu zituzten, zentroaren instalazioak bisitatu zituzten eta laborategiko praktikak egin zituzten zientzia-taldearen eskutik, itsas ingurunearen azterketan eta kontserbazioan nola lan egiten den gertutik esperimentatuz.
Argazki guztiak Tantak erakundeak lagatakoak dira.