Gizarte justu baten aldeko borroka, errepresioaren eta poliziaren aurkako borroka ere bada

Uribe Kostako GKS 2025ko eka. 6a, 12:05

Azken aldian, Uribe Kostan hainbat izan dira indarkeria poliziala erakusten duten gertakariak, hala nola, Getxoko poliziak migratzaileak jazartzeko agindu zehatza izatea, Astrabuduan aurrera eramandako etxegabetzean egondako indarkeria, eta abar luze bat.

Batzuen ustez, hauek poliziaren gehiegikeriaren ondorioak dira, edota euren boterearen desproportzionaltasunaren kasu isolatuak. Beste hitz batzuetan, ematen du polizia-indarrak beste modu batean kudeatuko balira, ez legokeela bortizkeriarik. Kontrara, gure ustez, poliziaren funtzioak berak darama indarkeriara, logika zehatz bati erantzuten diolako, ordena kapitalista mantentzeari, alegia.

Eskualdean bildu ditugun testigantzek ere, garbi erakusten dute burgesiak beso armatu bat behar duela. Zertarako? Alde batetik, langile-klasearen kapa zaurgarrienak zapaltzeko. Eskualdeko gazte magrebtar batek, honakoa kontatu zigun: "Sonoran jaisten naizen bakoitzean gelditzen naute eta erregistroa egiten didate, behin mehatxatu ninduten bi asteko epean estatutik kanpo egon behar nintzela esanez". Beste batek zera esan zigun: "13 urterekin, polizia bat nire aurka oldartzen hasi zen, azkenean, 48 orduz eduki ninduten komisaldegian".

Bestetik, euren funtzioa ere ordena kapitalistaren aurka egingo duen jendea erreprimitzea da, testigantza honek erakusten duen bezala: "Berangon, Palestinaren aldeko propaganda egiten nenbilela, polizia etorri eta jipoitu ninduen. Hainbat aste egon behar izan nintzen bajan egindako lesioengatik". 

Poliziaren figurak, halaber, funtzio ideologiko bat zehazten du, izan ere, inpunitatez jardun ahal izateko, gizarte zabalaren oniritzia behar du. Nola lortzen du hori? Segurtasunaren eta ongizatearen aitzakiapean jarduten. Baina noren segurtasuna zaindu nahi dute? Astebururo Sonoran jazartzen dituzten migratu eta gazteena? Getxo eta Berangoko basoetan bizi diren eta daukaten gutxi hori kentzen dieten eta jazartzen dituzten migratuena? Urte honetan zehar etxegabetu dituzten langileena? Edo duela urte batzuk Erandion pertsekuzio batean erail zuten gazte migratuarena? 

Garbi dago segurtasun eta ongizatearen izenean jarduten dutela, baina burgesiarena. Hori da finean poliziaren funtzioa: langile-klasearen aurka egitea burgesiaren interesak zaintzeko. Poliziaren betebeharra hori da berez, estrukturalki; horretarako izan zen sortua eta hori defendatuko du beti. Horregatik, arazoa ez dago eredu polizialean, indar polizialen existentzian beran baizik. 

Azkenaldiko estatuaren biraketa autoritarioak eta berekin dakarren faxismoaren gorakadak egoera hau indartu baino ez du egiten. Horregatik, Uribe Kostako GKS-tik garbi daukagu: datorkigun miseriari aurre egiteko, antolatua egotea ezinbestekoa izango da, eta horretarako, eskubide politikoak defendatu behar ditugu. Horregatik, gizarte justu baten aldeko borroka, errepresioaren eta poliziaren aurkako borroka ere bada.

Errepresioari arnasik ez, gazte langileok borrokara!

Uribe Kostako GKS
 

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun