Gidabaimena euskaraz ateratzen duten gazteek 300 euro arteko dirulaguntza jaso dezakete

Ander Zarraga 2025ko eka. 6a, 15:47

Gidabaimenak Euskaraz egitasmoari esker, 15 eta 23 arteko gazteek dirulaguntzak eta sariak jaso ditzakete azterketa teorikoa euskaraz egiten badute. © IREKIA

Gidabaimenak Euskaraz egitasmoari esker, Erandioko eta Getxoko gazteek sariak eta dirulaguntzak jaso ditzakete azterketa teorikoa euskaraz gainditzen badute.15 eta 23 urte arteko gazteei zuzendutako ekimen honek ziklomotorreko eta kotxeko gidabaimenak ateratzeko prozesuetarako balio du.

Ekimen horri esker, 2010az geroztik, besteak beste, Erandion eta Getxon euskarazko materialez hornitu dituzte autoeskolak, sentiberatze-kanpainak zabaltzeko, berbaldiak antolatzeko, sariak emateko eta gazteei dirulaguntzak eskaintzeko. Horri esker, eta gazteak erakartzeko asmoz, gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz gainditu dutenen artean sariak eta dirulaguntzak eskaintzen dituzte, eta aurten ere egitasmoa errepikatzeaz gain, itzulitako dirua 300 eurora arte igoko dituzte.

Batetik, Erandioko Udalak, Erandion erroldatutako 17-23 urte bitarteko gazteei matrikularen kostuaren % 80 itzuliko die, gehienez 300euro, azterketa teorikoa euskaraz egiteagatik. Horrez gain, 100 euroko erregai-txartela ere zozkatuko dute gazteen artean. Informazio gehiagorako jo Erandioko Udaleko euskara zerbitzura: 944 890 128 edo euskara@erandio.eus.

Bestetik, Getxoko Udalak, Getxon erroldatutako 15-23 urte bitarteko gazteei matrikularen kostuaren % 80 itzuliko die, kasu honetan ere gehienez 300 euro, azterketa teorikoa euskaraz egiteagatik. Horrez gain, 100 euroko hiru erregai-txartel ere zozkatuko dituzte. Informazio gehiago eskuratu daiteke Getxoko Udaleko euskara zerbitzuan: 944 660 010 euskara.zerbitzua@getxo.eus.

Gidabaimenak Euskaraz egitasmoa Eusko Jaurlaritzak babestutako eta Euskadiko Autoeskolen Federazioak koordinatu, kudeatu eta zuzendutako egitasmoa da. Gidabaimena euskaraz ateratzeko bidea erraztearren, Bizkaiko hainbat udalerri, Bizkaiko Foru Aldundia, Bizkaiko Autoeskolen Elkartea (APAVI) eta autoeskolak lankidetzan aritu dira azken urteotan, ALKARBIDE, Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea tarteko dela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun