EAEko kultur sarea: bizia, baina desorekatua

Iker Rincon Moreno 2010ko eka. 20a, 12:02

Egunero, 55 kultur ekitaldi egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Hala ere, udalerri batzuek jaialdi jendetsuak eta agenda oparoak dituzten bitartean, beste askok zailtasunak dituzte urtean kultur proposamen apurrak programatzeko. Bidezkoa al da hain bizia bezain desorekatua den kultur sarea? Erreportaje honek EAEko kulturaren mapa ikusezina arakatzen du, non ugaritasuna eta gabezia elkarri lotuta dauden.

2024an, 20.000 ekitaldi inguru erregistratu zituen Kulturklik-ek, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta lurraldeko kultur programazioa biltzen duen plataformak. Beste era batera esanda: egunean batez beste 55 kultur saio izan ziren EAEko udalerrietan. Hala ere, uzta emankor horren atzean errealitate konplexuago bat ezkutatzen da: kultura ez da berdin iristen lurraldeko bazter guztietara. Ekitaldi ugari izan arren, lurralde-banaketak agerian uzten ditu sarbidean, aniztasunean eta kultur hurbiltasunean eragina duten egiturazko desberdintasunak.

Eskuragarri dauden datuek programazio bizia islatzen dute. Kontzertu, antzezlan, jaialdi, erakusketa, berbaldi eta bestelakoen artean, EAEk kultur jarduera etengabea du urtean zehar. Musika da guztien artean nagusi, kontzertuek ekitaldi guztien % 31,8 hartzen baitute (6.342 ekitaldi 2024an); ondoren, antzerkia (% 21,3) eta ikus-entzunezko proiekzioak (% 11,8). Eskaintza beste diziplina batzuek osatzen dute, hala nola dantzak, erakusketek eta bestelako askotariko jarduerek.

Ekitaldi gehienak udalerri gutxi batzuetan izaten dira, jendetsuenetan: hiru hiriburuek –Bilbok, Donostiak eta Gasteizek– ekitaldi guztien % 48 hartu zuten, eta urtean 3.000 ekitaldi baino gehiago egin zituzten, batez beste. Guztira, hiriburuak kenduta, 36 udalerrik bakarrik gainditu zituzten 100 ekitaldi-urteko langa, eta horien artean nabarmentzekoak dira Getxo (557), Tolosa (338), Barakaldo (335), Durango (334) eta Zarautz (277). Gainerako programazioa 190 udalerrik hartu zuten: 3.727 ekitaldi programatu zituzten, hau da, batez beste 19 herri bakoitzeko. Arrakala horrek ez dio populazioari edo eskura dagoen azpiegiturari soilik erantzuten, instituzioek programatzeko, baliabideak erakartzeko eta kultur agenda egonkor bati eusteko duten gaitasuna ere garrantzitsua da.

Gipuzkoa da dentsitate kultural handiena izan duen lurraldea, mila biztanleko 11,1 ekitaldi ratioarekin. Atzetik du Araba, 9,7rekin, eta Bizkaia, 7,5ekin, nahiz eta ekitaldien guztizko bolumen handiena izan duen lurraldea izan (8.662 ekitaldirekin). Aldea, beraz, ez dago kantitateari lotuta soilik, biztanle-kopurua ere kontuan hartu behar da. Gipuzkoako zenbait eskualdetan, hala nola Tolosaldean, Urola Kostan, Debagoienean edo Donostialdean, mila biztanleko 10 ekitaldi baino gehiago izan ziren 2024an; Bizkaiko Arratia-Nerbioi edo Enkarterrietan, berriz, ez ziren 7 izatera iritsi. Lurralde beraren barruan ere, desberdintasunak nabarmenak izan dira.

Ekitaldi motaren arabera, musika izan da nagusi, argi eta garbi. 2024an 6.342 kontzertu egin ziren, hau da, programazio osoaren % 31,8. Antzerkiak hartu du bigarren lekua, 4.239 emanaldirekin (% 21,3), ondoren ikus-entzunezko proiekzioak (% 11,8), hitzaldiak eta jardunaldiak (% 11,5) eta erakusketak (% 6,9). Dantza guztien % 4,3 baino ez da izan. Gainerako jarduerak –azokak, ikastaroak, tailerrak edo lehiaketak barne– % 12,5 izan ziren.

Lau ekitalditatik hiru eremu itxietan egin dira, bereziki Donostialdean, Arabako Lautadan edo Bilbo Handian, non formatu hori % 76tik gorakoa izan den. Gainera, hamar ekitalditik zortzi egun bakarrekoak izan dira.

Background

Kostaldeko udalerriek uda aldean programatzen dituzte kultur ekitaldiak batez ere.

Udazkenean, aldiz, joera bestelakoa da, eta herrialde osoan programatzen da orokorrean.

Euskarazko ekitaldiei dagokienez, Gipuzkoan eta barnealdeko udalerrietan programatzen da gehien hizkuntza horretan.

Gaztelerazkoak, berriz, Araban eta Bizkai mendebaldean gehienbat.

Euskara gehiago hauspotu beharra?

Euskal kulturaren panoramako elementu esanguratsuenetako bat euskararen erabilera da. Ekitaldien erdia inguru hizkuntza horretan edo bi hizkuntzatan egin ziren 2024an, baina batez besteko horrek barne desberdintasun handiak ditu lurraldearen eta eskualdeen arabera. Gipuzkoan, zazpi eskualdeetatik seik gainditu zuten % 50eko muga, eta, Debagoienan eta Urola Kostan, programazioaren erdia baino gehiago euskara hutsean izan zen. Bizkaian, aldiz, zazpitik bostek gainditu zuten % 50eko langa, eta Durangaldea izan da euskaraz gehien programatu zuena (% 58,4).

Araban, aldiz, eskualde bakar bat ere ez da proportzio horietara iritsi; Aiaraldea da gehien hurbildu zena (% 38,3 euskaraz, eta % 11,6 bi hizkuntzatan). Alde horrek agerian uzten du euskarak aurrera egin duela kulturaren esparruan, eta lurraldearen hegoaldeko zenbait eremutan oraindik ere gabeziak daudela. Kultura, zalantzarik gabe, hizkuntza-normalizaziorako bide bat da, baina euskarak kultur sare osoan erabateko presentzia izateko bidea egiteke dago oraindik.

Urteroko jaialdiak, musikalak gehienak

Aparteko kapitulu bat merezi dute urtero-urtero errepikatzen diren jaialdiek. 2024an 677 jaialdi egin ziren EAEn, eta horietatik erdiak musikalak izan ziren; ondoren, zinema eta ikus-entzunezko jaialdiak (88), antzerkia (70) eta dantza (49). Gainera, ia ehun jaialdi misto antolatu ziren –musika eta dantza konbinatuak, esaterako –, eta beste 64, literatura, poesia, argazkilaritza, bideo-jokoak edo moda bezalako diziplinetara bideratuak.

Eskaintza askotarikoa bada ere, kontzentrazioa ekitaldi guztiekin dagoen joera errepikatu egiten da kasu honetan ere: 21 udalerrik bakarrik hartzen dute jaialdien % 70. Hiriburuak dira beste behin buru: Bilbok 134 jaialdi antolatu zituen, Gasteizek 86 eta Donostiak 71. Bertaratutakoen kopuruari dagokionez, aipagarrienak Zinemaldia, Jazzaldia eta BBK Live dira, 100.000 lagunetik gorako kopuruekin, nahiz eta ez dagoen neurtzeko sistema ofizial uniformerik.

Jaialdien formatuari dagokionez, % 25 aire zabalean egiten da (ekitaldi guztien % 16,5 soilik izaten da aire zabalean), bereziki dantza (% 48,5) eta musika (% 30,1) bezalako ikuskizunetan. Gainera, % 68k egun bat baino gehiago irauten dute.

Denboraldiari dagokionez, udaberri-uda da sasoi emankorrena (% 48,7); hala ere, zinema-jaialdiei dagokienez, udazkenean izaten dira batez ere (% 40,9). Antzinatasunari begiratuta, dantza-jaialdien erdiek 25 edizio baino gehiago dituzte. Musika-jaialdiak, berriz, gazteagoak dira: % 18,4k baino ez dituzte 25 urte baino gehiago. Denen artean, Donostiako Musika Hamabostaldia da beteranoena, 85 edizio bete baitzituen iaz, Zimenaldiaren aurretik (72 edizio).

Ekipamenduen banaketa, gorabeheratsua

Kultur ekipamenduen sarea jarduera horren guztiaren euskarri fisikoa da. Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek mota horretako 3.757 azpiegitura dituzte, bi multzo handitan banatuta: 1.189 azpiegitura publikoak dira (liburutegiak, kultur etxeak, museoak, auditorioak…), eta beste 2.568 kultur industriari dagozkio, zentzu zabalean (produkzio-etxeak, argitaletxeak, antzerki- edo dantza-konpainiak, liburu-dendak, akademiak...).

Banaketa ere desberdina da: Bizkaiak ekipamendu horien guztien % 49,1 biltzen du; Gipuzkoak, % 36,2; eta Arabak, % 14,7. Ez da kasualitatea, hartara, azpiegitura gehien dituzten eremuak ere programazio handiena dutenak izatea.

Hala ere, badira kulturarako irisgarritasunik ez duten edota horretarako zailtasuna duten eremuak. Urtean 10 ekitaldi baino gutxiago dituzten udalerriak, euskarazko programaziorik ia ez duten eskualdeak edo zinema bezalako diziplinetako jarduerarik ia eskaintzen ez duten inguruak. Kultur arrakala ez da beti agerikoa, baina egon badago. Kulturklik-ek, erabilgarria eta argazki orokorra egiteko baliagarria izan arren, funtsezko muga bat du: borondatez erabiltzen da. Beraz, ez ditu nahitaez ekitaldi guztiak jasotzen, bereziki kolektibo txikiek, zirkuitu alternatiboek edo hain instituzionalizatuta ez dauden tokiko ekimenek bultzatutakoak. Adierazgarritasuna handia bada ere, hutsune horiek iradokitzen dute errealitatea datuek erakusten dutena baino desorekatuagoa izan daitekeela.

Hala, EAEko kultura sare bizi, finkatu eta askotarikoa bada ere, baditu argi-itzalak. Oinarri sendoa dago: ekitaldien ugaritasuna, jaialdi sare zabala, azpiegitura indartsua eta euskararen aldeko apustu gero eta handiagoa. Baina badira premiazko erronkak ere: eskaintza lurraldez lurralde orekatzea, herri txikiei ikusgarritasuna ematea, jaialdien iraunkortasuna bermatzea eta eskualde guztietan euskararen presentzia indartzea.

Airean geratzen den galdera argia da: zer egin daiteke kultura guztiengana iristeko, baldintza berdinetan? Baliabideen zentralizazioa edo udalerri txikien protagonismoa indartuko duen deszentralizazio handiagoa lehenetsi behar dira? Eredua edozein dela ere, funtsezkoa da kultura eskubide bat dela ez ahaztea, eta, beraz, herritar guztientzat bermatuta egon behar du, non bizi den kontuan hartu gabe.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun