Baina, nola ez, beste behin ere usteak erdi ustel. Zalantza juridiko eta ekonomikoak direla eta geroratu egin dute erabakia. Zorionez ala zoritxarrez, horretara eginda gaude, horixe da euskararen egoera naturala, baita ofiziala den lurraldeetan ere. Euskara kontuetan beti gabiltza merke-zurrean.
Hala ere, gure joko zelaia beste nonbait dagoelakoan nago. Gure etxe, kale, auzo eta herrietako bazterretan jokatzen dugu partida hori egunak joan eta egunak etorri. Txoko horietan jolasten gara senide, lagun, auzoko eta herrikideekin egunean-egunean. Hor egin behar dugu indar. Hor piztuko ditugu San Juan suak, hor erreko zapoak eta sugeak, hor dantzatuko eta abestuko euskaraz suaren inguruan. Hor irabazi ala galduko.