Erandion, Getxon, Gorlizen, Leioan eta Sopelan topatu dituzte tigre eltxoak

Iker Rincon Moreno 2025ko eka. 17a, 10:12

Tigre eltxo bat, artxiboko irudian. © OSASUN SAILA

2021ean aurkitu zuten aurrenekoz tigre eltxoa (Aedes albopictus) gure eskualdean, zehazki, Erandion; ordutik, eltxo-mota hori Uribe Kostan zabaldu da: 2023rako, Leioan eta Getxon atzeman dituzte, eta, 2024an, Sopelan eta Gorlizen. Horren aurrean, eltxo inbaditzaile horren hedapena geldiarazteko zaintza-programa jarri dute martxan EAEn.

EAEn tigre eltxoa detektatzeko 2013an abian jarritako zaintza-programari esker, hamarkada honetan hiru probintzietako 70 udalerritan detektatu ahal izan da, batez ere biztanleria-dentsitate handieneko eremuetan; gurean, Erandion, Leioan, Getxon, Gorlizen eta Sopelan.

Osasun Saila, Neiker ingurumen-ikerketarako euskal institutuagaz eta EAEko udal batzuekaz batera, espezie inbaditzaile hori kontrolatzen laguntzen ari da laginketa baten bidez. Laginketa horretan, tranpak jartzen ari dira hiriguneetan eta hiri-inguruetan, arrautzak jartzen dituzten eltxo-emeak erakartzeko. Lagin horien analisiak espezie horren presentzia eta banaketa monitorizatzea ahalbidetzen du.

Aurten, zaintza-planak 46 udalerritako 68 laginketa-eremu hartzen ditu: Arabako 9, Bizkaiko 20 eta Gipuzkoako 17. 

Herritarrei laguntza eske

Arduradunek nabarmendu dute herritarren laguntza funtsezkoa dela tigre eltxoaren hedapena geldiarazteko, batez ere eltxoa ugaltzea eragozteko neurriak hartuz. Eltxoek ur pixka bat behar dute arrautzak jartzeko, eta eraginkorrena, beraz, haztegiak izan daitezkeen leku horiek ezabatzea da, etxean ura pilatzea eragotziz. Alde horretatik, gomendatzen dute:

  • Ur-pilaketak saihestea drainatze-eremuetan (kainu-zuloetan eta estoldetan) eta teilatu-hodietan.
  • Ura etengabe egoten den lurzoru pribatu eta publikoetako zuloak estaltzea.
  • Astean bi aldiz hustea ura pilatzen duten ontziak: loreontzien azpiko platerak, pitxerrak, baldeak, jostailuak, plastikozko igerilekuak, etab.
  • 2 edo 3 egunez behin berritzea gure animalien edontzietako ura. Ura botatzea hustubideetan astean behin gutxienez, ur geldia saihesteko.
  • Leihoetan, deposituetan, ontzietan eta beste hainbat lekutan eltxo-sareak erabiltzeak eltxoak sartzea eta arrautzak jartzea eragotz dezake.

Gainera, herritarrek Mosquito Alert aplikazioaren bidez lagundu dezakete eltxo tigrea identifikatzen. Herritarren zientzia-plataforma horrek aukera ematen du eltxo tigrerik badagoen jakiteko, bere presentziaren berri ez zegoen lekuetan, bai eta bere banaketa eguneratzeko eta jarraipena hobetzeko ere.  Helburua da eltxoa geolokalizatzea, argazki on bat atera eta  http://www.mosquitoalert.com/ aplikaziora bidalita.

Tigre eltxoaren ziztada

Eltxo beltz eta txikia da (5 mm inguru luze), eta buruan eta toraxean marra zuri bat du. Batez ere egunez ibiltzen da, eta normalean egunez ziztatzen du, bertako eltxoek ez bezala, gauez egiten dutenak. Gainera, ohikoa da behin baino gehiagotan jarraian ziztatzea ere. Eltxo tigrearen helduak mingarriak izan daitezke eta erreakzio handia eragin dezakete; hartara, aholkatzen da ziztadaren eremua uragaz eta xaboiagaz garbitzea eta hotza aplikatzea hantura geldiarazteko eta azkura arintzeko. Gainera, ez da hazka egin behar, ziztada infektatu ez dadin. Erreakzioa oso bizia bada eta ondoeza edo arnasa hartzeko zailtasuna eragiten baditu, medikuarengana joan behar da.

Ziztada saihesteko, gomendatzen da mahuka luzeko arropa, praka luzeak eta oinetako itxiak janztea, eta baimendutako uxatzaileak erabiltzea. Umeen eta haurdun dauden emakumeen kasuan, neurri fisikoak lehenetsi behar dira, esate baterako eltxo-sareak.

Transmititu ditzakeen gaixotasunak

Espezie inbaditzaile hori osasun publikoko arazotzat hartzen da, besteak beste, dengea, zika eta chikungunya transmititu ditzakeelako.

EAEn oraindino ez da ezagutzen eltxo tigrearen ziztadak eragindako kasurik, eta, berez, kutsatzeko probabilitateak txikiak dira. Dena den, eltxoa finkatuta dagoen eremu batetik inportatutako kasu bat agertzen bada, kutsatzeko arriskua areagotu egiten da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun