FCC Aqualia Loiu enpresako langileak 2025eko ekainaren 4tik daramate greban, eta enpresagaz euren lan-baldintzak hobetzeko akordiorik erdietsi ez dutenez, greba mugagabea hasi dute uztailaren 1ean.
FCC Aqualia azpikontratak Bakio, Erandio, Gorliz, Larrabetzu, Leioa, Mungia, Plentzia, Sondika, Sopela edo Urduliz bezalako herrietako zerbitzua ematen du Bizkaiko Ur Partzuergoarentzat; guztira, ia 150.000 herritarrei ematen diete zerbitzua.
LAB sindikatuak azaldu duenez, beharginek partzuergoarentzat zerbitzu berdina ematen duten beste langileen baldintza berdinak izatea eskatzen dute. Salatu dute gaur-gaurkoz, zerbitzu berdineko langileen soldataren arteko diferentzia ia %50ekoa dela, eta gainontzeko lan-baldintzak, bajak edo lanaldia ere nahiko okerragoak direla.
Hala, enpresari, lan-baldintzen parekatzeko exijitu diote, lan berdina egiteagatik kondizio berdinak izan behar dituztela iritzita. Era berean, ur-partzuergoari, gatazkan ardura politikoa hartu eta bitartekaritza-lana egiteko exijitu diote; horretarako, 2026an indarrean sartuko den baldintza-agirian lan-baldintzen ekiparazioa aurreikusi dezatela exijotu diote.
Gainera, greba-egunetan enpresak gutxieneko zerbitzuen agindua ez duela bete eta langileen greba-eskubidea urratu dutela salatu dute Lan Ikuskaritzan eta Lan Sailean.