Barrikako Udala Plentziakoagaz harremanetan jarri da, barrikoztarrek zerbitzu publiko jakin batzuk eskuratzeko Plentziara bertaratzeko dituzten arazoen aurrean Udalbatzaren kezka helarazteko. Izan ere, iturriek azpimarratu dutenez, askotan, ezinezkoa da zerbitzu publiko horietatik gertu aparkalekua aurkitzea.
Azaldu dutenez, Plentziako alkateari bidalitako gutunean konponbide bat lortzeko beharra adierazi dute Barrikako arduradunek, "hezkuntza-, segurtasun- edo osasun-zerbitzu asko, besteak beste, ondoko udalerrian zentralizatuta baitaude". Barrikako bizilagunek bertara joan behar dute egunero, arreta jasotzeko edo seme-alabak ikastetxeetara edo pediatrarenera eramateko. "Gauza bera gertatzen da osasun-zentrora joan behar duten adinekoekin, edo haurdun dauden emakumeekin, emaginak artatu ditzan".
Itziar Unibaso Barrikako alkateak adierazi duenez, “ez gara Plentziako Udalak aparkalekuak nola kudeatu nahi dituen baloratzera sartuko, erabaki hori ondoko udalerriari baitagokio”. Alabaina, Barrikako Udalaren asmoa da “gure herriko bizilagunek, dagozkigun zerbitzu publikoak erabiltzeko Plentziara joan behar dutenean, Plentzian erroldatutako pertsonen abantaila berak izatea eta kanpotartzat ez hartzea”.