Ertibil Bizkaiak Begoñako galeriak aukeratu ditu edizio berriari hasiera emateko

Ander Zarraga 2025ko uzt. 16a, 10:50

Begoñako galerietan egindako aurkezpenean, Amaia Aguirre Getxoko alkatea, Lexuri Arrizabalaga diputatua eta erakusketan parte hartuko duten artistak izan dira. © BFA

Ertibil Bizkaiaren 2025eko edizioak Getxoko Begoñako galeriak aukeratu ditu beste behin, aurtengo ibilbideari ekiteko abiapuntu gisa. Arte garaikidearen erakusketa ibiltari honek Bizkaiko sortzaile gazteak bistaratzeko eta sustatzeko helburua du, eta aurten ere kalitate handiko proposamenak bildu ditu.

Aurtengo edizioko hiru artista saritu nagusiak Amaya Suberviola, Gabriele Muguruza eta Izaskun Aralucea izan dira. Horiez gain, beste 15 artista hautatu dituzte Ertibil Bizkaia 2025 erakusketan parte hartzeko, tartean, Maider Gonzalo erandioztarra. Hauek dira gainontzeko artista aukeratuak: Leire Aranberri, Leyre Arraiza, Iratxe Barcina, Adrián Castañeda, Mariem Iman, Pablo Gubbins, Jorge Isla, Antton Goikoetxea, Idoia Leache, Ainhoa Lekerika, Angela Rodriguez, Beñat Krolem, Elisa Villota eta Judith Voet.

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen du lehiaketa hau, eta bere ibilbidearen lehen etapan, Bizkaiko Lurralde Historikoan sormen-proiektuak egiten dituzten artista bisual emergenteen sormen-ekimenei laguntzea du helburu. Hala, lanak erakusteko, artista gazteakaz konektatzeko eta ibilbide profesionala garatzeko urratsak egiteko aukera eskaintzen die.

Begoñako galerietan egindako aurkezpenean, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak azpimarratu duenez, "Artea lurralde bat ulertzeko eta unean uneko kezkak, ametsak eta ikusmoldeak adierazteko modu bat da. Horregatik da hain garrantzitsua gazte talentudunen adierazpen askatasunerako ERTIBILen gisako espazioak sortzea; izan ere, ekimen honek 40 urtetik gorako tartean lortu du artearen bidez ateak irekitzea, bideak argitzea eta komunitatea indartzea".

Aurkezpenean ere izandako Amaia Aguirre Getxoko alkateak adierazi duenez, "harro egoteko modukoa da Ertibil Bizkaiak bere ibilbidea Punta Begoñan berriz hastea, eraldatzen ari den eta Getxon erreferente kultural gisa sendotzen ari den gune batean. Konpromiso sendoa dugu sortzen ari den talentuari ateak irekitzeko eta sorkuntzarako, topaketarako eta erakusketarako espazioak eskaintzeko. Zalantzarik gabe, Ertibil Bizkaia bezalako ekimenek Getxoko bizitza kulturala indartzen dute eta pertsona gehiagok Punta Begoñaren balio artistiko, historiko eta soziala deskubritzen laguntzen dute. "

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun