Domekan, Arkotek erakustaldia eman eta ikurriña eskuratu zuen lehen aldiz denboraldi honetan. Vicente Carpinteroren gidaritzapean, Plentziako traineruak hasierako maniobran (5:43) Santurtzi eta Zarautzegaz parez pare ibili ziren. Hala ere, bueltako lanean abantaila hartzea lortu zuten eta azken zatian errenta hori ondo kudeatuta, zazpi segundoz nagusitu ziren Santurtziren aurretik.
Garaipen horregaz, Arkotek play-off postuetara jauzi egin du berriz ere, Zarautzi aurrea hartuta. Ontzi bien arteko lehia estua espero da liga amaitu arte, palakada bakoitza erabakigarria bihurtuta.