UEMAk deituta, ia 100 udalerritan milaka herritar atera dira kalera euskararen defentsan

Ander Zarraga 2025ko uzt. 21a, 17:05

Zapatuan Sopelako udaletxearen atarian UEMAk deituta euskararen defentsan egindako elkarretaratzearen irudia. © SOPELAKO UDALA

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren aurrean erantzun irmoa eman zuten zapatuan, hilaren 19an UEMAko ia 100 udal eta milaka herritarrek. Eskualdean, besteak beste, Erandion, Lemoizen eta Sopelan egin zituzten elkarretaratzeak, euskararen ofizialtasuna auzitan jartzen duen epaia salatu eta lege bidezko babesa eskatzeko.

Euskal Herriko udaletxe askoren aurrealdeak jendez bete zituzten zapatu eguerdian, UEMAren deialdiari erantzunez. Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko udal-legearen hainbat artikulu baliogabetu ostean, "euskararen aurkako beste oldarraldi baten" aurrean gaudela salatu zuten milaka herritarrek eta euskara elkarteek. UEMAko kide diren 118 udaletatik, hainbat kolore politiko ia 100ek parte hartu zuten deialdian, tartean, Erandio, Sopela eta lemoizek.

Ataungo plazan, Martin Aramendi UEMAko lehendakari eta herriko alkatea izan zen adierazpen nagusiak egin zituena: "Beste behin ere, euskara bigarren mailako hizkuntza bihurtu nahi dute, eta horren aurrean ezin dugu isilik geratu. Herritarrek gaur eman duten erantzuna eredugarria da".

Aramendik dei zuzena egin zien alderdi politikoei eta instituzioei: "Garaia da adostasun sendoetara heltzeko eta euskararen lege-babesa sendotzeko. Euskarak benetako justizia merezi du, eta horretan, udalek, herritarrek eta euskalgintzak elkarrekin egin behar dugu bidea".

Halaber, UEMAko ordezkariak iragarri zuen mobilizazioak ez direla gaurkoan amaitzen, eta iragarri zuen hurrengo asteetarako ekimen berriak prestatzen ari direla euskalgintzako eragileakaz batera, "eskubideak kolokan daudenean, kalean egotea ezinbestekoa delako".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun