"Euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren aurkako eraso zuzena da"

Ander Zarraga 2025ko uzt. 24a, 16:29

Bilboko EAEko Justizia Auzitegi Nagusian egindako agerraldian 200dik gora alkatek, udal-hautetsik eta euskalgintzako ordezkarik parte hartu dute. © EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA

Gaur goizean, 200 alkate eta udal-hautetsi baino gehiago eta euskalgintzako ordezkariak bildu dira EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren aurrean euskararen eta autogobernuaren aldeko adierazpen bateratua egiteko. Sententzia “euskal gizartearen eta erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena” dela salatu dute, eta hizkuntza-politiken aurkako oldarraldi judizialari batasunez erantzuteko deia egin dute.

Pasa den astean jakin zen Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin dituela Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren artikulu esanguratsuak, VOXek aurkeztutako helegitearen bidez. Hori dela eta, gaur, uztailak 24, adierazpen bateratua irakurri dute Bilbon Euskalgintzaren Kontseiluko Idurre Eskisabelek eta hainbat alkatek eta udal hautetsik, besteak beste, euskara lehenesteko eskubidea urratzea eta autogobernua murriztea salatzeko. Bertaratutakoen artean Uribe Kostako udalerrietako ordezkariak ere izan dira

Salatu dutenez, "Epai honen ondorioz, udaletan ezingo da euskara lehenetsi, ezta gaztelerarekin batera erabiltzen denean ere. Finean, administrazioan euskararen erabilera normalizatu nahi bada neurri zehatzak hartu behar dira euskara gazteleraren parera iritsi dadin, hori du asmo indarrean dugun araudiak", adierazi dute agerraldian.

Gainera, nabarmendu dute epaiak ez duela kontuan hartzen euskal gizartearen eta erakundeen borondate demokratikoa, ezta azken Inkesta Soziolinguistikoak jasotzen duen euskararen aldeko babes zabala ere.

Eskisabelek adierazi duenez, "euskara larrialdi egoeran dago", eta azken urteotako epai uholdeak —30 inguru— ·euskal erakundeen hizkuntza-eskumenak higatzen" ari dira. Zentzu horretan, euskalgintzak eta erakundeek "jauzi bat" eman beharra aldarrikatu dute: "Segurtasun juridikoa indartu behar dugu eta beharrezko lege-aldaketarekin batera, euskal gizartearen jokaera proaktiboa sustatu behar dugu ahalik eta adostasun handiena eta zabalenarekin herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen erabilera normalizatzeko."

"Euskara behar dugu eta euskarak behar gaitu. Euskara baita gure hizkuntza, euskaldun egiten gaituena. Horregatik, euskalgintzak eta udal ordezkariok bat eginik, euskararen erabilerak dagokion lekua behar duela berresten dugu, eta horretarako beharrezkoak diren neurriak sustatzeko konpromisoa hartzen dugu gaurkoan", adierazi dute bukatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun