Istripua eguaztenean jazo zen, 22:55ean, Astrabuduko Axpe etorbidean. Segurtasun Saileko iturriek azaldu duenez, auto batek zikloturista bat harrapatu zuen hori aurreratzen ari zela. Istripuaren ondoren, autoko gidaria autotik jaitsi zen, baina handik gutxira berriro igo eta abiadura handian alde egin zuen tokitik.
Zenbait lekukok istripuaren berri eman zioten Ertzaintzari, eta ibilgailuaren eta ihes egin zuen gidariaren deskribapena eman zioten. Bien bitartean, larrialdietako langileek biktima artatu zuten, Donejakue Bidea egiten ari zen zikloturista atzerritar bat, eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, eta hainbat polizia-baliabide susmagarriaren bila hasi ziren.
Handik gutxira jakin zuten ihes egindako ibilgailuari su eman ziotela Leioako EHUko fakultateko kanpoko aparkaleku batean, eta gidariak alde egin zuela, baina Leioako Udaltzaingoaren patruila batek susmagarria aurkitu zuen handik gutxira, istripuan inplikatutako ibilgailuaren jabe zen senide baten etxetik gertu. Udaltzainek pertsona susmagarria aurkitu zutela jakinarazi zioten Ertzaintzari, eta hori atxilotu eta ikerketaren ardura duen ertzain-etxera eraman zuten.
49 urteko atxilotuari lesio-delitu bat egotzi diote, zuhurtziagabekeria larriagatik, ausarkeriaz gidatzeagatik, kalteak eragiteagatik eta istripua eragin ondoren gertakarien lekutik alde egiteagatik. Atxilotua epailearen esku utzi dute dagozkion polizia-eginbideak amaitutakoan.