Uribe Kostako Energia Bulegoa irailaren 10etik aurrera egongo da martxan

Ander Zarraga 2025ko abu. 12a, 14:19

Besteak beste, zerbitzu horren bitartez energia-horniduraren inguruko aholkuak eta argibideak emango dizkiete eskualdeko biztanleei.

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko kide diren udalerrietako herritarrentzako energia bulegoa zabalduko dute irailaren 10ean. Zerbitzu honen helburua energia fakturei eta eguneroko energiaren erabilerari buruzko aholkularitza eskaintzea da, bai eta kontsumoa eta gastuak murrizteko aholku praktikoak ematea ere.

Zerbitzu honek aurrez aurreko arreta eskainiko du eguaztenero, udalerriz udalerri mugituko den bulego mugikor batean. Zerbitzua herri guztietara iritsiko da, baina herritarrek ez dute zertan euren udalerriko datara itxaron beharko, beste udalerri batean jasotzeko aukera ere izango baitute. Azaroan, gainera, bariku goizetan ere egongo da zabalik.

Hitzordual 943 062 930 telefonora deituta edo labur.eus/UKenergia helbidean har daitezke; hitzordurik gabe joatea ere posible da, baina hitzordua dutenek lehentasuna izango dute.

Aholkularitzaren bitartez honako gaiak landuko dituzte: energia-hornidurari buruzko zalantzak argitzea, fakturak ulertzea eta horietan aurreztea, merkatu elektrikoari eta hornitzaileei buruzko informazioa, Bonu Sozialaren inguruko argibideak eta dirulaguntzen berri ematea.

Horrez gain, energia bulegoak hitzaldi eta tailerrak ere eskainiko ditu fakturen inguruan, pobrezia energetikoari aurre egiteko eta energiaren erabilera jasangarria sustatzeko. Egutegi eta ordutegi osoa www.uribekosta.eus webgunean kontsulta daiteke. Zerbitzua Bizkaiko Foru Aldundiaren Trantsizio Energetikoaren eta Klima-aldaketaren arloko dirulaguntzari esker gauzatuko da.

Egutegia: 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun