"Guztiontzako giza eskubideak nonahi" lemapean, aurtengo Marea Horiak agerian utzi gura izan du munduan zehar egiten ari diren giza eskubideen urraketa sistematikoa, "zigorgabetasun osoz, bai agertoki globalean, bai barneko migrazio-politiketan".
Astondotik Arkoteko arrapalarako bidean, Gorlizko eta Plentziako hondartzak horiz tindatu zituzten, baita Palestinako banderez bete ere. Izan ere, besteak beste, munduan areagotzen ari diren politika belizistak eta berrarmatzaileak salatu zituzten, baita Nazio Batuen Eskubideen Gutunaren urraketa sistematikoa ere. Ildo horretan, horren adierazlerik handiena Israel Gazan egiten ari den genozidioa dela gogoratu zuten. "Zigorrik gabe eta mundu guztiaren begien aurrean, Israelgo gobernu sionistak 60.000 pertsona baino gehiago erail ditu, horien artean 20.000 haur baino gehiago".
Horrez gainera, ekimenera bertaratutakoek kezkaz erreparatu zioten eskuin muturraren gorakadari eta, batez ere, horrek migrazio-politiketan duen eraginari. Deitoratu zuten Europako erakundeek ez dituztela kontuan hartzen migrazio-prozesuen benetako arrazoiak eta, gainera, ezarritako politikek azken hamarkadetan Europako asilo-eskubidea "atzera egitea" ekarriko duela. "Beren jatorrizko herrialdeetatik modu behartuan atera behar ez izateko baldintza ekonomiko eta sozialak sortzen lagundu beharrean, modu ordenatuan eta legalean kudeatuta eta giza eskubideen errespetuan oinarritutako migrazio-politikak ezartzen lagundu beharrean, migratzeko eskubidea kriminalizatzen da".
Gainera, eskuin muturraren immigrazioaren aurkako diskurtsoen gorakadak egoera are gehiago larriagotu egiten duela eta Europako alderdi kontserbadore eta liberalak kontakizun horiek bere egiten ari direla ohartarazi zuten: "Diskurtso arrazista eta xenofoboak, gorrotoa, gatazkak eta indarkeria soziala sortzen saiatzen direnak, etorkinei gure gizartean dauden arazo guztien errua egozten dizkiete. Diskurtso horiei irmo aurre egin behar diete gizarte-erakundeek, baina baita gure erakundeek ere".
Udal-errolda
Halere, hurbilenean, emandako aurrerapauso batzuen berri ere eman zuten ekimenean. Izan ere, jakinarazi zuten egoera berezietan erroldatzeko irizpide komunak onartu zituela joan den ekainean Eudelek. Horren bidez, udalek jarraibide komunak izango dituzte pertsonen erroldatzea errazteko, "eztabaida eta interpretazio desberdinak saihestuz eta errolda modu eraginkorrean eta segurtasun juridikoarekin egiteko". Halere, gogoratu zuten onartutakoa gomendio sorta bat dela eta, hala, bigarren faseari ekingo diotela orain, udalei eskatzeko horiek praktikan jar ditzatela.
Gurean, iragarri zuten Uribe Kostako Mankomunitatera eta erakunde hori osatzen duten udaletara joko dutela, gomendiook betetzeko behar diren protokoloak ezar ditzatela eskatzeko.