Palestinaren aldeko elkartasun-oihua ozen entzun da Uribe Kostan

Iker Rincon Moreno 2025ko ira. 8a, 11:32

Gernika-Palestina herri-ekimenak deituta, mobilizazio jendetsuak egin zituzten barikuan, hilaren 5ean, Uribe Kostako udalerrietan. Protesta horien bidez, Palestina jasaten ari den egoeraren larritasuna salatu zuten. Kazeroladak egin zituzten herrietako udaletxeen aurrean eta plazetan.

Kazola-hotsen bidez, mobilizatutako ehunka gizon-emakumeek Palestinarekiko elkartasun oihuak ozen zabaldu zituzten eskualde osoan. Palestinarren kontrako genozidioa gogor salatu zuten, "egunetik egunera terribleagoa den sarraskia, hain zuzen". Umeak, herritarrak, ospitaleak eta kazetariak "sarraskituak" direla deitoratu zuten, "munduaren begien aurrean eta nazioarteko inpunitatearekin". 

Hala, denon begi-bistan gertatzen ari den triskantza bertan behera gelditzeko eskatu zuten, "ezin delako gehiago luzatu ankerkeria hau. Nahikoa da! Genozidioari ez!".

Hilabeteko mobilizazioa, Itzubaltzeta/Romon

Ildo berean, domekan, Itzubaltzeta/Romoko auzokideak kalera atera ziren berriro ere, hilero legez, genozidioaren amaiera exijitzeko. Kasu honetan, mobilizazioa eguerdian egin zuten, 13:30ean, Xake plazan.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun