Uribe Kostako harribitxiak ezagutzeko aukera ere emango dute Ondarearen Europako Jardunaldiek

Ander Zarraga 2025ko ira. 18a, 12:07

Beste hainbat aukeren artean, eskualdeko udalerrien ondare arkitektonikoa bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo bisita gidatuen bitartez.

Urrian egingo dituzte Ondarearen Europako Jardunaldiek Uribe Kostako tokian tokiko ondarea ezagutzeko aukera emango dute. Hala, Getxon, Erandion, Leioan Plentzian, Gorlizen eta Berangon ibilbide gidatuak, eraikin historikoen bisitak eta kultur ekimenak eskainiko dituzte.

Hasteko, Getxon askotariko eskaintza zabala prestatu dute, hala nola Portu Zaharreko Bariko San Nikolas baselizaren bisita, Begoñako galerien inguruko azalpenak Horacio de Etxebarrietaren eskutik, Getxoko hilerria, Andra Mari inguruko ibilaldia eta auzoetako ondarea ezagutzeko aukera. Horrez gain, Bolue ibarrean arkitekturaren eta ingurumenaren arteko loturak aztertuko dira, eta aukera desberdin gisa, 3D inprimaketa tailerra eta irisgarritasunaren eta ondarearen inguruko ibilbide bereziak ere egingo dituzte.

Berangon ere hiru hitzordu izango dira Burdin Hesiaren Oroimena Musoeak antolatuta. Burdin-hesiko gotorlekuak, 1936 eta 1937 bitartean eraikiak, eta agian Espainiako Gerra Zibileko ospetsuenak eta enblematikoenak, kanpainako arkitektura militarraren adibide dira eta horien trazadura, ibilbidea azaltzeko ibilbide gidatua, argazki erakusketa eta Aitor Miñambres museoko zuzendariaen hitzaldia izango dira

Erandion, Altzagako iragana eta egungo garapena uztartzen dituen ibilbide gidatua izango da protagonista. Halaber, herriaren bilakaera historikoa dantza, musika eta antzerkiaren bidez kontatzen duen Goi Alde Dantza Taldearen Erandio ikuskizun berezia ere eskainiko dute, ikus-entzuleak emozionatzeko eta herriaren nortasun kolektiboa indartzeko helburuagaz.

Gorlizen historiako pasarte ezezagunenetako baten berri emango du Xabier Armendariz historialariak, Askorriagako eta Arriko Arritxuko gotorlekuen historia azalduko baitu. Batetik hitzaldi bat eskainiko du horren berri emateko, eta gotorlekua bertatik bertara ezagutzeko bisita gidatua ere egingo dute.

Leioan, Materia eta Memoria: zaharberritzea ingurune arkitektonikoan proposamena izango da. Bisita honetan, arkitekturari lotutako obrak kontserbatu eta zaharberritzeko lana hurbiletik ezagutzeko aukera izango da. Marouflage deritzon teknika ezagutzeko aukera egongo da, hau da, oihal gainean egindako margolan bat euskarri zurrunago batean ezartzea, inguruan integratzeko. 

Plentzian, hiribildu zaharreko kale eta eraikin enblematikoen ibilbide gidatua egingo da. Herriko plaza, eliza eta dorretxe zaharren inguruko kontakizunakaz batera, Plasentia de Butroiko museoa ere bisitatuko da, bertako ondarea sakonago ezagutzeko.

Ekintza guztiak doakoak izango dira, baina plaza mugatuak izango dituzte; horregatik, izen-ematea ezinbestekoa da. Informazio gehiago eta erreserbak egiteko aukera www.ondareabizkaia.eus webgunean aurki daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun