Bost Kontinenteetako Landareen Azokak parte-hartze errekorra izango du Leioan

Ander Zarraga 2025ko urr. 1a, 15:36

Azokan gure inguruan aurkitzen oso zailak diren lorak eta landareak miretsi eta erosteko aukera egongo da.

Urriaren 4an eta 5ean, herritarrek doako sarrera eta autobus-zerbitzu berezia izango dituzte
Leioan mundu osoko landare bitxiak deskubritu eta erosi ahal izateko. Bizkaiko Foru Aldundiak eta EHUk antolatutako azoka aukera paregabea da lorezaintzaren profesional eta zaleentzat; gainera, aurten 51 erakustoki jarriko dituzte bertaratzen direnen gozamenerako.

Leioako EHUko campuseko Arboretuma berriro ere kolorez eta biziz beteko da urriaren 4an eta 5ean, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Bost Kontinenteetako Landareen IX. Azokan. Aurten parte-hartzaileen marka hautsiko dute, 51 erakustoki izango baitira bertan, iaz baino zazpi gehiago. Parte-hartzaileek bost kontinenteetako landare bereziak erakutsi eta salduko dituzte, gure latitudeetan gutxi ezagunak diren arren, balkoietan zein lorategietan erraz haz daitezkeenak. Topaketa antolatzeko lanetan, Leioa eta Erandioko udalak eta BBKren Gizarte Ekintza dituzte laguntzaile.

Azoka 2015ean sortu zen ekoizle eta zaleen topagune izateko, eta urteotan lorezaintzaren profesional eta zaleentzako erreferente bihurtu da. Bertan, bisitariek aukera izango dute landare bitxiak prezio lehiakorretan erosteko, produktu lokalak dastatzeko eta Arboretumeko bidezidorretan paseatzeko, natura ederrenetako batean.

Ekitaldia zapatuan (10:00-19:00) eta domekan (10:00-18:00) izango da, doako sarreragaz. Gainera, Astrabuduko eta Leioako metro-geltokietatik anezka-autobus bereziak eskainiko dituzte 30 minutuero, eta aparkaleku bi ere egongo dira prest. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun