Euskarazko tokiko komunikabideentzat urrats garrantzitsua eman da: Izarkom komunikazio operadoreak eta Tokikom sareak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, eta horri esker, Goiena TB, Guka TB, Oizmendi TB, 28 Kanala eta GiTB telebistak ikusgai izango dira Begizta telebista plataformaren bidez.
Akordioaren arabera, tokian tokiko telebista katea jarriko da Begiztaren parrillaren lehen postuan, bertako edukia lehenesteko eta herritarrek euren inguruko informazioa euskaraz jaso dezaten errazteko. Plataformaren helburua euskarazko tokiko telebistek publiko zabalago batera heltzea da, eta Euskal Herriko eduki guztiak kanal bakarrean eskuragarri jartzea. Horrela, Begiztaren bidez ikus daitezke ETB1 eta ETB3, Hamaika TB, Kanaldude edo Xaloa telebistak ere, interneteko konexioarekin munduko edozein lekutatik.
Izarkomek eta Tokikomek adierazi dutenez, hitzarmen hau "euskarazko ikus-entzunezko komunitate bateratuaren aldeko urrats estrategikoa" da, eta tokiko telebistei ikusgarritasun handiagoa emango die, euskararen presentzia digitala sendotuz.