Birziklatzearen beharraz ohartarazteko hainbat jarduera iragarri du Uribe Kostako Mankomunitateak

Ander Zarraga 2025ko urr. 24a, 09:55

Kanpaina urriaren 27tik azaroaren 29ra garatuko dute mankomunitateko udalerrietan.

"Gris gutxiago, kolore gehiago" lelopean, urriaren 27tik azaroaren 29ra bitartean, Mankomunitateko zazpi udalerrietan jarduera eta tailer ugari egingo dituzte, kontsumo arduratsua eta birziklapena sustatzeko.

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak ingurumen-sentsibilizazio kanpaina berria jarri du martxan, herritarrak hondakinak sortzearen prebentzioaren garrantziaz hausnartzera eta ohitura jasangarriagoak hartzera gonbidatzeko. "Gris gutxiago, kolore gehiago" lelopean, kanpainak gogorarazi gura du birziklagarriak diren hondakinak edukiontzi koloredunetan utzi behar direla, grisean amaitu ordez.

Mankomunitatetik azpimarratu dutenez, "prebentzioa da jasangarritasunaren oinarria", eta eguneroko ekintza txikiek, hala nola kontsumoa murriztea, objektuak berrerabiltzea edo produktu iraunkorrak hautatzea, ingurumenaren babesean eta klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzen dute.

Kanpaina urriaren 27tik azaroaren 29ra garatuko dute, eta eskualdeko zazpi udalerrietan banatuko da. Hala, aste bakoitzean hondakin mota bati eskainiko diote: Aste Marroia, organikoaren eta konpostajearen inguruan; Aste Urdina, paperaren eta kartoiaren birziklapenari buruzkoa; Aste Horia, ontzi arinen eta plastikoen ingurumen-arazoei buruz; Aste Zuri Berdea, beira eta berrerabilpena ardatz; Aste Garbia, hondakinei buruzko lehiaketa dibertigarri batekin; eta Kolore Anitzeko Astea, amaierako jaia, hondartza-garbiketa eta ekonomia zirkularraren inguruko jokoakaz.

Kanpainan tailer praktikoak, hitzaldiak, jokoak eta familia-jarduerak eskainiko diuzte, guztiz doakoak eta parte-hartze librekoak. Mankomunitateak herritarrak gonbidatu ditu parte hartzera eta "eguneroko keinu txikien bidez, ingurumenaren aldeko kolorea ematera". Jarduera guztien egitaraua eta ordutegiak Mankomunitatearen kanal ofizialetan ere kontsulta daitezke.

Egitaraua:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun