Gernikako piperrak, Ibarrako piperminak, Tolosako babarrunak edo Getariako txakolinaren mahastiak bertako baserritarrek sortutako barietateak baino askoz gehiago dira. Mendeetako aukeraketa-prozesuen bidez gure lurretara egokitutako eta kulturan txertatutako elementuak dira. Horiek bezala, mendeetan zehar baserritarrek beste hainbat espezie moldatu dituzte, eta Uribe Kostan ere baditugu horrelako hainbat adibide: Leioako piperra, Lemoizko San Juan sagar gorria, txakinarto eta Erandioko tomatea, besteak beste.
Hala ere, aniztasun hori galzorian dago. Horren arrazoiak bi dira: batetik, nekazaritza industriak saltzen dituen espezieak gailentzen direla, eta bestetik, gero eta baserritar gutxiago dagoela.
Hala, nekazaritza industrialean espezie gutxi batzuk bakarrik ustiatzen dira, tokikoak diren landareen haziak baztertu egiten diren bitartean. Nazio Batuen Nekazaritza eta Elikadura Erakundearen (FAO) arabera, azken mendean munduko landare elikagaien %75eko aniztasuna galdu egin da. Euskal Herrian ere, hainbat barazki, fruitu edo zereal tradizional ia desagertzeko zorian daude, edo daborduko desagertu egin dira: arto gorria, mahats mota batzuk, pipermin bereziak… Gainera, enpresek euren hazi komertzialak patente bidez babesten dituzte, eta, kasu askotan, nekazariek ezin dituzte uztako haziak berrerabiltzeko gorde; urtero berriak erosi behar dituzte.
Era berean, esan daiteke Euskal Herriko baserri tradizionalaren eredua agortuta dagoela, eta folklorearen irudira mugatuta geratzen ari dela. Adibidez, Eustaten datuen arabera, EAEn ia 13.000 nekazaritza-ustiategi zeuden 2020an, 2009an baino %21,8 gutxiago. Aldiz, landutako nekazaritza-lurren azalera %38,4 hazi da. Nekazaritzaren industrializazio-prozesu horretan, bertako baserritarren haziek ez dute lekurik, horien ordez merkatuan dauden hazi komertzialen erabilera gailentzen baita.
Hazien Sarea
Joera horren aurrean, Euskal Herriko Hazien Sarea baserrietan hainbat mendez erabili diren haziak gordetzeaz eta horien landaketa sustatzeaz arduratzen da. Euren lana honela laburbiltzen du Plentziako Joseba Ibarguengoitiak, elkarteko arduradunak: "Euskal Herrian landatutako bioaniztasunaren berreskurapena, bai genetikoa, bai kulturala eta jakituriari dagokiona". Horrenbestez, Hazien Sareak baserritarren ondarea berreskuratzea eta balioan jartzea du helburu. Elkartea 1996an sortu zuten Euskal Herriko Nekazarien Elkartetik abiatuta, eta lau helburu nagusi ditu: ikerketa, baserritarrak elkarrizketatzea haien jakituria jasotzeko, hazien kontserbazioa eta banaketa.
"Eskualdeko espezieak berreskuratzeko lanean ari gara, eskualdean baserri gehienak desagertu edo desagertzear daudelako; edo orain egiten dugu, edo ez dugu inoiz egingo"
"Gero eta baserritar gutxiago dago, batez ere Bizkaian, eta mendeetan zehar lortutako jakituria eta ezagupenak galtzen doaz".
Joseba Ibarguengoitia, Hazien Sarea.
Zeregin horretarako, Hazien Sarean 2.000 sarrera baino gehiago dituzte: barazkiak, zerealak, fruta-arbolak, animalientzako bazka, lekadunak, sendabelarrak… Horiek espezie genetiko eta kulturaletan bana daitezkeenez, eurek sarreretan sailkatzen dituzte. Sarrera horien artean aberastasuna izugarria dela nabarmendu du Ibarguengoitiak: udalerri berean, piper mota desberdinak dituzten baserri bat baino gehiago egon daitezke: batzuk pikanteagoak, luzeagoak, punta edo kolore desberdinekoak…
Zentzu horretan, Hazien Sarean sarrerak sailkatzeko orduan, baserritarren irizpideak hartzen dituzte kontuan: ideotipoetan, hau da, baserritarrek erabiltzen duten sailkapenaren arabera gordetzen dituzte.
"Gure elkartean baserritarrak erdigunean daude beti; horregatik, beraien eskubideak zaintzen eta duten jakituria ahalik eta hobekien gordetzen saiatzen gara", nabarmendu du. Horrez gain, material didaktikoak ere sortzen dituzte, eskoletara joaten dira, hitzaldiak ematen dituzte eta landaketak egiten dituzte. Ibarguengoitiak azpimarratu du beraien egitasmoan auzolana eta gizartearen inplikazioa berebizikoak direla, nolabaiteko "harrobia" sortzen dutelako. "Gure helburuak lortzeko konpromiso soziala behar-beharrezkoa da; izan ere, gure lana gizartearentzako estrategikoa dela uste dugu, eta hori eskoletatik hasten da". Gizartearen inplikazioa lortu ezean, etorkizuna nahiko ilun ikusten du berak, gero eta baserritar gutxiago baitago, mendeetako jakituria galtzen ari delako eta, azken finean, "nekazaritza mundua guztiz baztertuta eta ahaztuta" dagoelako.
Zaindariak
Hazien sareagaz elkarlan estua egiten duten Zaindariei esker, tokiko barietateek oraindik dute lekua baserrietako ortuetan. Uribe Kostan badira Zaindari moduan aritzen diren baserritarrak edo elkarteak, besteak beste, Plentziako Herri Lurrak Elkartea, Lemoizko Gabriela Frances eta Berangoko Lander Labajo baserritarrak.
Alde batetik, Plentziako Herri Lurrak Elkartearen kasuan, auzolana baliatuta, Hazien Sareak emandako hainbat motatako fruta-arbolak landatu dituzte Isuskitzamendin: sagarrondoak, gaztainondoak...
Bestalde, Txema Ibañez erandioztarrak hasieratik darama Hazien Sareagaz lanean, eta azaldu duenez, Arriaga auzoko bere baserrian betidanik gorde izan dituzte bertako ohiko haziak: artoa, tomatea, indabak… "Orain, lehen baino hazi mota gehiago gordetzen ditut, 25 ortuari inguru. Gustatzen zaidan zerbait delako egiten dut, etxean betidanik egin dugulako. Baina horrez gain, niretzat hazien kontuan garrantzitsua da norberak erabaki dezakeela noiz erein, eta ez dagoela zertan dendara joan beharrik horiek erostera; burujabetza kontu bat da. Hemen inguruan betidanik erein diren espezieak ditugu: ez dira onenak edo berrienak izango, baina bertakoak dira", adierazi du erandioztarrak.

"Gure amak Bilboko Erriberako azokan saltzen zituen produktuen haziak ditugu, eta horiekin jarraitzen dugu. Hobeak egongo dira, baina guk hemengoak mantentzen ditugu"
"Haziek identitate kutsu bat ere badute, jendeari produktuak nongoak diren entzutea gustatzen baitzaio; azken finean, jendeak bere ohiturekin lotzen du".
Txema Ibañez, Erandioko baserritarra.
Hazien Saretik ematen dizkioten haziez gain, bere amak landatzen zituen laboreak ere ditu ortuan, "Bilboko erribera merkatura eramaten zituen berdinak".
Berarentzat, hazien tokikotasuna, hemengoak direla esatea, kontu kolektibo bat da: "Munduan milaka espezie daude, baina hemengoak inguruko beste baserrietan lortu eta partekatu ditzakezu, identitate kutsu hori ematen digute, jendeari produktuak nongoak diren jakitea gustatzen zaiolako".
Hala ere, bera ez da baserritik bizi, horretarako, azpiegitura eta inbertsio handia egin beharko lukeelako. "Ez da bizimodu erraza, eta hortik bizi diren gehienak nahiko modu prekarioan daude", deitoratu du.
Aniztasunaren garrantzia
Jateko landatzen diren produktuen artean aniztasuna egotea funtsezkoa da, hainbat arrazoirengatik; besteak beste, horrek izurriteen, gaixotasunen edo klima-aldaketaren eragina murrizten duelako. Horren adibide argia da azken urteotan Euskal Herriko hainbat pinuditan agertu den banda marroia; landatutako pinu guztiak klonak direnez, gaixotasunek guztiei berdin egin die kalte eta uzta osoak galdu dira.
Historia osoan zehar, bioaniztasun faltak eragindako arazoen adibide ugari izan dira, ezagunena XIX. mendean Irlandan patatagaz gertatutakoa: izurrite baten ondorioz, ia bi milioi pertsona hil ziren gosez.
Belaunaldiz belaunaldi, baserritarrek tokiko haziak lurraldeko klima eta lurzoruetara egokitu dituzte, eta, horri esker, iraunkorragoak dira gaixotasunen eta klima-aldaketen aurrean. Ildo horretan, tokiko haziak ingurumenarekiko jasangarriagoak ere badira, ez baitute ongarri edo pestizida gehigarririk behar.
Era berean, hazien aniztasuna oinarrizkoa da elikadura-burujabetzarako: tokiko haziak gordetzea, horiek ekoiztea, trukatzea eta berrerabiltzeko askatasuna bermatzen baitu, enpresa handien menpekotasuna saihestuz. Azkenik, bertako barietateak kultura eta ondarea ere badira, mendeetan zehar gordetako jakituria islatzen baitute.