Bizkaibizi zerbitzuak 13 udalerri gehiago konektatuko ditu 2027tik aurrera

Izaro Garcia 2025eko azaroaren 5a

Bizkaibizi zerbitzua © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibizi bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema publikoaren hedapen handinahia berretsi du, lurraldeko mugikortasun iraunkorrerako funtsezko proiektua baita. Bizkaibizi 2.0 izenagaz, zerbitzuak Metropoli Areakoa izateari utzi, eta 13 udalerri barritan ezarriko da; besteak beste, Sopela eta Plentzia bezalako kostaldeko herrietan.

Hasiera batean 2025erako aurreikusita zegoen zabalkuntza atzeratu egin bada ere, fase barria ahalik eta lasterren hastea eta eskualdeen arteko lotura bultzatzea da helburua. Hedapen handi hori 2027ko urtarrilean zehar martxan jartzea aurreikusita dago.

Gaur egungo sareak 9 udalerritan dihardu (Bilbo, Getxo eta Barakaldo barne), baina 13 udalerri gehiago hartzea espero da. Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintza bikoiztu gura du, baita orain arte zerbitzurik gabeko eremuak lotu ere. Hedapen-fase honetan sartuko diren udalerrien artean honako hauek daude: Sopela, Plentzia, Urduliz, Gorliz, Abanto-Zierbena, Muskiz, Ortuella, Zierbena eta Trapagaran. Momentuz, Sopelak eta Plentziak bakarrik dute parte-hartzea konfirmatuta proiektuan.

Handitze horregaz, Bizkaibiziko bizikleta elektrikoen flota gaur egungo 650 unitatetik 1.300 baino gehiagora igaroko da, Bilbo Handiko udalerrien eta inguruko eskualdeen arteko joan-etorriak erraztuz, hala nola Plentzia-Mungia eskualdekoak.

Hedapen fisikoaren lanak abian jarraitzen duten bitartean, zerbitzuaren integrazio teknologikoa lantzen jarraitzen da. Gaur egun, erabiltzaileek garraio publikoko Barik txartela erabili ahal izateko sistema garatzen ari dira, bizikleten alokairua ordaindu ahal izateko eta, horrela, lurraldean garraio intermodala errazteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun