Herritarren artean hondakinen kudeaketa jasangarriagoa bultzatzeko kanpainagaz jarraitzen du Mankomunitateak

Ander Zarraga 2025eko azaroaren 19a

Mankomunitateak kudeaketa txarragatik ingurumenean bukatzen duten plastiko hondarren inguruan kontzientziatu gura ditu herritarrak.

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak herritarrak hondakinen inguruan kontzientziatzeko "Gris gutxiago, kolore gehiago" kanpainagaz jarraitzen du. Hala, aurreko barikuan, plastikoaren gehiegizko erabilera eta horren ingurumenean duen eragina aztertzen duen dokumentala eskaini zuten. Hilaren 29an Plentziako hondartzako plastikoak biltzeko topaketa ere egingo dute.

Aurreko barikuan, azaroaren 14an, Urdulizko Kultur etxean La invasión del plástico: el enemigo en casa dokumentala proiektatu zuten, honako estekan ikus daitekeena. Dokumental hau EITBko 360º programaren ekoizpena da, eta plastikoak gure inguruan duen eragina, naturan duen presentzia eta gure osasunean eta ekosistemetan izan ditzakeen ondorioak aztertzen ditu.

Saioa Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea egiten ari den, "Gris gutxiago, kolore gehiago" kanpainaren aurkezpenagaz batera egin zuten. Ekimen honek hondakinak prebenitzea eta birziklapen egokian sustatzea du helburu, errefusaren edukiontziaren erabilera ahalik eta gehien murriztearen garrantzia azpimarratuz, eta kontsumitzen ditugun materialak modu arduratsuan kudeatzera bultzatzeko.

"Gris gutxiago, kolore gehiago" kanpainak herritarren hondakinekin ikuspegia eta kudeaketa aldatzea du helburu, egunerokoan ohitura hobeak sustatuz, birziklagarriak diren materialei bizitza berria emanez eta eredu jasangarriago baterantz aurrera egiteko. Perspektiba hau ezin hobeto lotzen zen dokumentalaren mezuagaz, horretan ikerketak, testigantzak eta datu zientifikoak erabiltzen baitira plastikoek gure kostetan eta eremu naturaletan eragin sakona aztertzeko.

Proiekzioaren ondoren, eztabaida-saio bat ireki zen, eta plastikoen egungo egoeraren inguruan eta kontsumitzaile gisa egin ditzakegun ekintzen inguruan aritu ziren bertaratutakoak. Partekatutako gogoeten artean ingurumen-hezkuntza indartzeko beharra nabarmendu zen, erabilera bakarreko plastikoak murriztea, jatorrizko banaketa hobetzea eta ekonomiaren zirkularrari bultzada emango dioten politika ausartagoak eskatzea.

Plastiko bilketa Plentzian

Kanpainagaz jarraituta, azaroaren 29an Plentziako hondartzan plastiko-bilketa egingo dute. Ingurumenaren babesagaz eta kostaldean dagoen plastikoagaz kezkatuta dauden herritarrei dei egin diete ekintza horretan parte hartzera, eta horretarako hitzordua 10:00etatik 12:00etara jarri dute, Plentziako hondartzan bertan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun