Alde batetik, aurrekontuaren zati handiena, 3,1 milioi euro, gizarte-zerbitzuetara bideratuko dute. Nabarmentzekoa da 250.000 euroko inbertsioa aurreikusi dutela Getxoko Udalak gaztera bazterkeria-arrisku larrian dauden pertsonentzako ibilbide espezifikoa abiarazteko. Programa hori Getxoko Gizarte Zerbitzugaz elkarlanean garatuko da, eta bi lanpostu berri sortuko dira: gizarte-langile bat eta AOT bat.
Halaber, hauek dira indartutako arloak: harrera-zerbitzuak (eguneko eta gauekoak), Getxon 228.500 euroko hitzarmena sendotuz, etxez etxeko laguntza eta gazteen gizarteratze programak, Udalgaztediren baitan.
Bestalde, 1,23 milioi euro bideratuko dituzte ingurumen-arlora. Mankomunitateak CER metodoa ezarri zuen 2025ean Plentzian katu kolonien kudeaketa hobetzeko, eta ekimena eskualdeko udalerrietara zabaltzen jarraituko dute. Horrez gain, hitzarmena indartuko dute EHUgaz klima aldaketaren aurkako ikerketak egiteko, hondakinen kudeaketa hobetzeko edukiontzi berriak erosiko dituzte eta efizientzia energetikoa eta mugikortasuna hobetzeko herritarrentzako zerbitzu espezifiko bat ere eskainiko diete, arlo horretako zalantzak argitzeko.
Berdintasunaren arloan, 230.967 euro izango ditu Mankomunitateak. IV. Berdintasun Plana garatu eta ebaluatzeko balioko duena, baita Lilagune eta Hezkidetza programak sendotzeko ere. Berrikuntza nagusietako bat izango da Uribe Kostako Berdintasunezko Jaien Behatokia sortzea, jai-giroan gertatzen diren indarkeria matxistaren aurkako neurriak koordinatzeko.
Euskararen arloak 537.681 euro izango ditu. Horri esker, zerbitzua berrantolatuko da eta euskara teknikari berri baten kontratazioa aurreikusi dute, eskualdeko ikastetxeetan egindako lana indartzeko. Berbalagun, bertsolaritza eta euskararen kale-erabileraren neurketa ere aurrekontuan jaso dute.
Azkenik, administrazio orokorrak 714.965 euro izango ditu, efizientzia informatikorako aholkularitza indartzeko eta AOT berri bat sartzeko. Kontsumo-bulegoak (OMIC) ere 140.000 euro inguru izango ditu herritarrei arreta eta aholkularitza ematen jarraitzeko.
Guruzne Carrasson Mankomunitateko lehendakariak adierazi duenez, aurrekontu berriak "Aurrekontu horiek aukera ematen dute eskualdean egin beharreko inbertsio mankomunatuetan jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa egiteko, premia larrienetara begira; besteak beste, gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokara eta gure gizarte-zerbitzuak indartzera, baina baita identifikatutako egiturazko gabezietara ere, hala nola Euskara Sailaren esternalizazioa murriztera"