Tokikomek Goienaren ‘Puntua’, Aiaraldea eta Antxeta Irratia saritu ditu

Ander Zarraga 2025eko azaroaren 21a

Gaur Aretxabaletan egin diren Tokikom Sarietan aintzatespena jaso duten hedabideetako kideak. © TOKIKOM

Lau sari banatu ditu Tokikomek Aretxabaletan egindako sari banaketa ekitaldian. Azal onenarena (‘Puntua’), eduki onenarena (Aiaraldea) eta ikus-entzunezko onenarena (Antxeta Irratia) emateaz gain, aipamen berezia egin diote Goienaren ‘Podcast-gela’-ri. Sariak banatuta, adimen artifiziala kazetaritzan eta komunikazioan eragiten ari den aldaketez hausnartu dute.

Tokikom Sariak banatu dituzte gaur, Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako Campusean. Bertan izan dira Tokikom osatzen duten euskarazko toki hedabideetako ordezkariak eta baita erakunde publikoetakoak ere, hala nola, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Aitor Aldasoro eta Jabier Arakama, eta Gipuzkoako, Bizkaiko zein Arabako Foru Aldundietako, Garbiñe Mendizabal, Isaac Amezaga eta Joseba K. Perez ordezkariak.

Guztira lau sari banatu dituzte Goiatz Arana kazetariak aurkeztutako saioan. Azalik onenarena, eduki onenarena eta ikus-entzunezko onenarena. Aurten, epaimahaiaren aipamen berezia ere egon da.

Azalik onena, Puntuarentzat

Azalik onena saria Goienaren Puntua astekariarentzat izan da, Keinu hizkuntza izenburudun azalarengatik. Epaimahaiak Puntua-ren azala saritu du "oso modu bisual eta indartsuan erakusten duelako gorren komunitateak eskatzen duen ofizialtasuna. Horretarako, normalean euskararentzako aldarrikatzen den ofizialtasuna beste hizkuntza baterako planteatzen digu". Gaineratu dute ideia eta irudia oso iradokitzaileak direla eta zer pentsatua ematen duela.

Edukirik onena, Aiaraldearentzat

Edukirik onenaren saria, berriz, Aiaraldearentzat izan da, Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bihurtzen denean erreportajearengatik. Suizidioaren gaia da erreportaje horren funtsa, eta, epaimahaiaren arabera, "lan mamitsu hori kazetariaren esperientziatik abiatzen da erreporterismoa lantzeko modu aberasgarria aplikatzeko". 90eko hamarkada amaierako kasu erreal batetik tiraka, gertakaria bizi izan zuten inguruko pertsonen, tokiko elkarteen, ikastetxeen eta adituen adierazpenak uztartzen ditu erreportajeak, "ibilbide interesgarri eta erakargarria osatuz esperientzia pertsonaletik suizidioaren errealitate orokorrera".

Ikus-entzunezko onena, Antxeta Irratiarentzat

Ikus-entzunezko onenaren saria Antxeta Irratiarentzat izan da. Lodifobiaren aurkako ahotsak elkarrizketa sortagatik. Hala, "jende askorentzat eguneroko arazoa den eta gehienontzat ezustean pasatzen den bazterketa mota bat argitara ateratzeko ahalegina" saritu du epaimahaiak. Nabarmendu du baita ere "elkarrizketatzailearen lan bikaina", berez oso gordinak diren bizipenak dramatismoan jausi gabe eta patxadaz adierazi dituelako, egoera biolentoak direnak lasaitasun giroan transmitituz, enpatia bilatuz eta gertutasunetik.

Aipamen berezia Goienaren ‘Podcast Gela’-ri

Bestetik, Tokikom Sariek aipamen bereziarekin nabarmendu dute Goienaren Podcast gela. Komunitatearen eskura ipini du Goienak gela berria, eta epaimahaiak nabarmendu du "parte hartzea eta herri mailako sareak ehuntzeko ekimena". Azaldu dute Podcast gelak komunitateari ahotsa eman diola, eta parte hartze zuzena bultzatu duela inguruko erakundeen, elkarteen eta eragileen artean, hedabidera hurbildu eta bertan inplikatu daitezen. "Gai eta forma aldetik ere aniztasunaren aldeko apustu ausarta egin du: audioeta bideo-podcastak, zinemaz, historiaz, kulturartekotasunaz, politika, mugimendu sozialak, musika, literatura...". Sariak banatzearekin batera, adimen artifiziala kazetaritzan eragiten ari den aldaketez hausnartu dute. Bederatzigarrenez banatu dituzte Tokikom Sariak. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun