Butroe itsasadarrekoa bezlako padurek klima-aldaketa eragiten duen karbonoa gordetzeko ahalmena dute

Ander Zarraga 2025eko azaroaren 25a

EHUko ikerlariek Ostradako paduran egingo dituzte azterlanak, gizakiaren eragin txikiena duen eremua baita. © EHU

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak (UKZM) ikerketa-proiektu aitzindari bat jarri dute abian, Butroeko itsasadarreko padurek klima-aldaketaren aurkako borrokan duten zeregina kuantifikatzeko. Elkarlan honen helburu nagusia da paduretan metatutako karbono urdina baloratzea; hau da, itsasertzeko sedimentuetan milaka urtez harrapatuta gera daitekeen karbonoa.

Ikerketak agerian utzi gura du kostaldeko hezeguneak lehorreko basoak baino karbono-hustubide efizienteagoak direla, eta kudeatzaile publikoei datu zehatzak eskainiko dizkiete Eusko Jaurlaritzaren Klima Aldaketari buruzko Legea betetzeko.

EHUk eta Mankomunitateak abiatutako proiektua Butroeko estuarioaren inguruan zentratuko da, eta bertan metatzen den karbono urdina kuantifikatzea da helburua. Izan ere, ikerketako arduradunek azaldu duenez, padurak, kostaldeko hezeguneak diren aldetik, ekosistema-zerbitzu garrantzitsuak eskaintzen dituzte, besteak beste, kostaldea babestea, ura araztea eta, garrantzitsuena, klima erregulatzea.

Zentzu horretan, ikerketak azpimarratzen duenez, kostaldeko hezeguneak, lurreko baso gehienak baino askoz ere karbono-hustubide efizienteagoak izan daitezke. Padurek CO2a bahitu eta finkatzeko ahalmena dute, sedimentu finak atxikitzeko, anoxia-baldintzak sortzeko eta, ondorioz, materia organikoaren deskonposizioa moteltzeko gai direlako. Horrela, karbono organikoa ehunka edo milaka urtez biltegiratuta gera daiteke lur azpian. IPCCk (Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldea) ere aitortu du karbono urdineko ekosistemek klima-aldaketari aurre egiteko duten balioa.

Lankidetza eta metodologia

Ikerketa-proiektu berri hau EHUko Harea-Itsasertzeko Geologia (IT1616-22) ikerketa-taldeak garatuko du, eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak finantzatuko du, 15.000 euroko aurrekontuagaz; bi urtetan banatuta: 2025ean 5.000 euro eta 2026an 10.000 euro. Bien bitartean, EHUko taldeak bere lan-orduak eta ekipamendu espezifikoa jarriko ditu.

Butroeko estuarioak guztira 115 hektareako azalera du, eta hiru padura-eremu nagusi ditu: Isuskitza, Ostrada eta Txipio. Proiektuak, zehazki, Ostradako padura hartuko du ardatz, izan ere, ibaian gorako sektorea hautatu dute lanerako, hau da, giza okupaziorik izan ez duen padura heldua.

Karbono-erreserbak kuantifikatzeko, azken 300 urteetan lurpean biltegiratutako karbono organikoaren erreserbak kalkulatuko dituzte, IPCCren gomendioei jarraituz. Horretarako, zientzialariek metro bateko eskuzko zundaketak egingo dituzte Ostradako hiru puntutan, eta nazioarteko laborategietan analisi xehatuak egingo dira materia organikoaren guztizko edukia zehazteko.

Emaitzak

Ikerketaren emaitzek funtsezko datu kuantitatiboak emango dizkiete EAEko administrazio publikoei, kostaldearen kudeaketa eta egokitzapenerako estrategia zehatzak formulatzeko. Informazio hori ezinbestekoa izango da Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legea (2024) betetzeko, zeinak kostaldeko hezeguneetako karbono-hustubideak kudeatzeko jarduerak eskatzen baititu.

Azterlan honek Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 13. Helburuaagaz (Klimaren aldeko ekintza) eta Hezeguneen 2030erako Plan Estrategikogaz bat egiten du. Emaitzak, tokiko eta eskualdeko agintariei eta GKEei zuzendutako aldizkako bileren bidez, kostaldeko kudeatzaileen eskura jarriko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun