Eskualdeko 180 establezimendutan 1,08 milioi ezpainzapi banatuko dituzte guztira 8 hitz desberdinekaz apainduak. Tokiko berbak izango dira, Uribe Kostan erabilitakoak. Esate baterako, txiri-txiri (astiro). Xede nagusia da egunerokotasunean euskararen erabilera ohikoa bilakatzea, bertako establezimenduen balioa aitortuz: "Ostalaritza Uribe Kostako hezurdura da".
Hartu Berba! ekimenaren berba bakoitzak azalpena izango du tolesduren atzealdean, jolaserako gonbidapen gisa. Iñaki Gilisastiren lana funtsezkoa izan da horretarako: urteetako bilketari esker, hamabost bat mila sarreraz osatutako berbategia batu du etxeko hizkeratik.
Irudien atzean ere bada zer kontatua: Gari San Martinen ilustrazioak izango dira ezpainzapietan ikusiko direnak, "bihotzetik sortutako marrazkiak". Bere esanetan, pertsonen "irudimena piztu" gura du, jolaserako eta euskaraz aritzeko ahaleginerako tartea eskainiz.
Ekimenak, hortaz, badu egunerokotasuna. Izan ere, euskarazko hitz bat erakutsi, eta horri esker, agurra, edo eskerrak euskaraz egitea da xedea. Pauso txiki horiek dira, askotan, ohitura handiak eraikitzen dituztenak; Gilisastiren esanetan, "jarrera hori daukonak, Euskal Herri baten kontzientziari eusten deutso".