Hitzen arrastoak ez dira beti liburuetan gelditzen. Bazkalosteko kafean, edo familiarteko solasaldietan ere lekua aurkitzen dute. Ezpainzapien jarduerak oroitzapen horiei forma eman die: ilustrazio bihurtu ditu berbak eta doinuak. Hitz zaharrak, gaurko begiradatik, gure kaleetara bueltatzeko bidea hartu dute berriro.
Gari, askotan esaten da irudiek hitzek baino gehiago esaten dutela. Zure marrazkiek zer diote?
GARI SAN MARTIN LLONA: Jolasean ibili naiz, irudimena libre utzi nahi izan dut. Joko moduko bat sortzea zen nire helburuetako bat; izan ere, jolasteko nahi horrek berak eramaten ninduen tokira eraman dut marrazkia.
15.000 ahots dokumentu bildu dituzu, Iñaki. Zein da aurkitu duzun altxor linguistikorik bitxiena?
IÑAKI GILISASTI FANO: Ezpainzapietara pasau ezin direzan altxorrak dekoz gure euskerek, badalako prosodiaz aberatsa. Serbiletetan agertuko direzan berbak bere bitxik dire, baina tonua harrapatzea konplika leite. Horregatik, berbari markatxo bat ipini dako, lagungarri izengo dalakon. Melodia dabilgu berbakeran, kantuen gabiltzezela emoten dau.
Nolakoa izan da zure herriko hizkeragaz lan egitea?
I. G. F.: Ohore bat. Honi esker, zeozer piztu zait, horrelako gauza gehiago egiteko gogoa. Euskara irakasle moduan nabil eta zenbait proposamen berri ditut. Oraindik ez dut inorekin hitz egin, denbora kontuak direla eta, baina lan asko egiteko grina dut orain. Ideia hor dago, baina oraindik hasi ez.
Zer sentitu zenuen zure lanak egitasmo honetara salto egitean?
I. G. F.: Uste dot badozela zabaltzen euskalkik, ezta? Euskere gero eta gehiau entzuten da, eta gero eta interes handiaua dago euskera zaharrarenganako. Non.eus-en danatariko berbak dagoz bilduta. Bertsiño digital horrek bisitak lortu dauz gitxinaka. Eta jendea jakitun da badauela etxeko erregistro hori. Itzel poztu nintzen, buru belarri egon nazelako proiektu honetan.

"Euskeraz bizitzeak kontzientzia bat eskatzen dau: euskaldunak gara eta ha jagon behar dogu"
Zer sortu gura duzue pertsonengan ezpainzapi hauekaz?
G. S. L.: Irudimena piztu nahi diet, baina askatasunerako tarte bat utziz. Esanahia hitzarekin batera agertuko da, baina jendeak buruari buelta bat emateko balioko du; horrela izatea espero dut, behintzat. Hazi bat landatu nahi dut euren buruetan. Hala ere, jende askok ikusiko duela jakiteak... urduri jartzen nau. Saiatu naiz ideia hori baztertzen, hori ahaztu eta intimo bihurtu ditut marrazkiak.
I. G. F.: Euskaldunok gehiau elkartu eta ha-rrotasuna sentitu. Kikilduta dagoan gizarte bat ausart bihurtu. Eta euskere izan beharrean gai zentrala, hura erabili beste gaiez berba itteko: musika, liburu bati buruz, kirola, telesailak...Jendiaren inplikaziñu.
Zer behar da hitz bat bizirik mantentzeko?
I.G. F.: Normala danez, gure hizkuntzaren zatitxu batzuk galdu direz. Zonaldearen arabera, hizkuntzak badekoz bere detailek, eta berezitasun horreek mantenduko direz erabiliz gero. Erabilerak hizkuntza aldatu egiten dau.
G. S. L.: Euskara zaindu behar dugu, eta helburu horrekin hamaika ekintza antolatzen dira urtero. Mintzagai dugun hau, kasu. Euskara erabili bai, baina beste esparruetara eraman behar dugu. Proiektu honetan, adibidez, esan genezake arteak hizkuntza bultzatzen duela, nolabait. Egia da nik neuk ez dudala nire lana beti ikuspuntu horretatik begiratzen, baina baliteke kasu honetan hala izatea.
Zer esango zeniokete belaunaldi gazte bati tokiko hizkera mantendu dadin?
I. G. F.: Hasi behar dogule euskereri deukon inportantzi emoten. Mami aldetik ikaragarrizkoa da, altxorra. Jagon al dana, jagon behar dogu. Ahozkotik ahozkora jagote oso inportante da. Bakotxak bere hizkera propio deko. Nortasuna bertan islatzen da, ezin da gorputzetik aldendu. Ahozkotasuna sendotu behar dogu, jagon eta erabili. Landu beharra dekogu.
G. S. L.: Marrazkiak jendeari helarazten dizkiozunean berdina gertatzen da: jendeak zer esango ote duenaren beldur zara. Hanka sartzearen aurrean ez dugu lotsarik sentitu behar, ikasteko unea bezala ikusi behar dugu. Gainera, euskaraz dakigunok beti saiatzen gara hizkuntza hitz egiteko saiakera horretan dabilena laguntzen. Seguru sentiarazi behar dugu jendea ikasten ari den bitartean, lotsa barik.
Zer dago hitzen muinean?
I. G. F.: Euskereaz batera, kontzientzi beharrezko da. Euskaldun izetea bai, baina izakeraz jantzita. Askotan erosoenera pasatzen gara. Adibidez, taberna baten kafesne bat eskatukeran, "me pones un café" esaten dogu. Ondo, baina hurrengoan
"kafesne bat" esan zengi, ez?. Horretxetan dago koxka, hobetzen ahalegintzean. Jarrera hori daukonak, Euskal Herri baten kontzientziari eusten deutso. Erdaldunez ingurutute egon arren, euskere erabiltzen ausartu behar gara.