Kontseiluak ohartarazi du euskararen normalizazioak bizi duen une zaila ez dela gainditu, eta premiazkoa dela hizkuntza-politiketan jauzi irmoa ematea. Era berean, adierazi du ezinbestekoa dela erakundeak, gizarte eragileak eta herritarrak norabide berean mugitzea, "euskararen etorkizuna jokoan" dagoelako.
Abenduaren 27ko ekitaldiak ez du ohiko kultur jaialdi baten itxura izango; izan ere, euskaraz sortzen duten dozenaka artistaren eta euskaltzaleen topagune erraldoia izango da. Antolatzaileek iragarri dutenez, bertaratzen direnek "euskararen soinu-banda" zuzenean entzuteko aukera izango dute: musikariak, aktoreak, bertsolariak eta bestelako sortzaileak oholtza gainean elkartuko dira, kultura, festa eta aldarrikapena uztartuz.

Bestalde, Kontseiluak azpimarratu du euskaltzaletasun aktiboaren garrantzia, azken hamarkadetan euskararen aldeko mugimenduak izan duen eragin erabakigarria gogora ekarriz. Izan ere, milaka herritarren eguneroko keinuek eta ekimenek eman diote euskarari gaur arteko indarra, eta bide horretan sakontzea da xedea.
Kontseiluak, gainera, norbanako nahiz erakundeei dei egin die euskara lehentasun gisa kokatu eta Pizkundearen aldeko dinamikan parte hartzera. Azpimarratu dutenez, "honi guztiari GAURTIK ekin behar zaio", eta lehen hitzordu nagusia abenduaren 27an Bilbao Arena betetzea izango da, euskara eta hizkuntza berdintasunean oinarritutako etorkizunari indarra emateko.
Bilbao Arena betetzea xede
Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon egingo den ekitaldiak dituen hiru helburu nagusiak zehaztu ditu. Funtsean, bilkurak euskaltzaleen indar kolektiboa eta konpromisoa ikusgarri egin gura ditu, larrialdi linguistikoaren aurrean etsipenari uko eginez. Era berean, ekitaldia gizarte osoari mezu argia helarazteko baliatu nahi dute: "euskararen biziberritzea eta normalizazioa guztion ardura da", eta ez soilik euskaltzaleen esparrura mugatutako auzia.
Azkenik, ekimenaren helburu nagusietako bat eragile instituzional, politiko eta sozial guztiek hizkuntza-politiketan jauzi sendoa eman dezatela bultzatzea da. Kontseiluak azpimarratu du badela garaia aurrerapauso irmoak emateko, euskararen erabileraren normalizazioa bermatuko dituzten baldintzak indartuz.