Euskarari atera kontuk!

Zergatik abenduaren 3a?

Joanes Atxa Olaiz 2025eko abenduaren 3a

Sobera ezagun den bezala, Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzen da. Honek bat egiten du Nafarroako patroiaren egunarekin, hau da, Frantzisko Xabierkoaren Egunarekin. 1552ko abenduaren 3an hil zen, eta bere omenez ospatzen da Nafarroaren patroia. Baina zein harreman izan zuen euskararekin Frantzisko Xabier deunak? Erantzun argirik ez.

Izatez, Frantzisko Xabier deuna euskal hiztuna izan zitekeela ezin uka daitekeen arren, Euskararen Eguna erlijioaren figura honekin lotzearen ideia Eusko Ikaskuntzak izan zuen, 1949an. Zehazki, "gure odolekoen bihotz handia ta gogo zabala" omen zituelako eskaini zion Eusko Ikaskuntzak ohore hau Frantzisko Xabierri. Hala, 1949. urtetik aurrera ospatu izan dugu egun hau.

Eta sormen ariketa egiten hasita, Euskararen Egun berri bat proposatu beharko bagenu?

Adibidez, Euskara Batua 1968. urtean sortu zen, "Arantzazuko biltzarra" deitzen zaien bilera multzo baten ondoren, zehazki, urriaren 3tik 5era. Euskararen Egun berria izan zitekeen urriaren 5a.

Kontrara, esan beharra dago garai hartako euskararen komunitatea zeharo aldatu dela. Izan ere, 60ko hamarkadako euskararen ingurua gizonez eta apaizez josia zegoen. Gaur egun, egoera guztiz ezberdina da eta Durangoko Azokara hurbiltzea besterik ez da behar, horretaz jabetzeko. Hara! Aukera ona izan daiteke Euskararen Egun berria Durangoko Azoka barne-hartzen duen egunetan ezartzea!

Zer omendu beharko luke tankera honetako egun batek? Zein efemeridek ordezkatuko luke XXI. mendeko euskal hiztuna? Egon liteke XXI. mendeko euskal hiztuna ordezkatzeko modu bakarra topatzerik? Ez dut uste. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun