Testuinguru horretan, "Errolda, janaria eta sabaia" lelopean, karabana solidarioa egin dute Sopela, Getxo, Leioa, eta Erandiotik barrena. Pertsona guztiek, jatorria edo egoera administratiboa edozein dela ere, oinarrizko eskubideak dituztela eta eskubide horiek bermatu behar direla administrazioei gogoraraztea da ekimen honen helburua. "Pertsona bat ez da legez kanpokoa. Legez kanpokoa ekintza bat izan daiteke, baina inoiz ez pertsona bat, duintasuna berezkoa eta besterenezina baita", adierazi dute.
Kolektiboek azpimarratu dute arazoaren muina ez dagoela baliabide faltan, baizik eta lehentasun politikoetan. Azaldu dutenez, Gizarte Zerbitzuen Legeak eta Prestazioen Zorroak eskubide gisa aitortzen duten hori ez da praktikan betetzen, eta erroldatzeko orduan oztopoak jartzen jarraitzen dute, Eudelen gomendioak alde batera utzita.
Era berean, antolatzaileek ohartarazi dute gero eta ohikoagoak direla migrazioa segurtasun faltagaz lotzen dituzten diskurtsoak, bazterketa eraginez. Horren aurrean, pertsonak erdigunean jarriko dituzten politikak eskatu dituzte: "Inork ez luke kalean bizi behar".
Salatzaileen esanetan, erronka ez da txikia, baina helburua bai: Uribe Kosta eta inguruko herriak gizatasunean, justizia sozialean eta kohesioan oinarritutako komunitate bihurtzea, hitzetatik harago, eguneroko politiketan islatuko dena.